
XVI. mendearen bukaeran eta XVII.aren hasieran, Lapurdi eta Nafarroa kolpatu zuten sorginkerien jazarpen odoltsuen atzean munduaren eta erlijioaren ikuspegi fanatiko bat zegoen; baita ere, isilpeko botere gatazka bat.
1609. urtean Pierre de Lancre Bordeletik Lapurdira heldu zen sorginkeriarekin bukatzera eta ondorioz sorginen akusaziopean 50 eta 100 pertsona artean erailak izan ziren, horietako gehienak emakumeak. Urte batzuk lehenago, 1576an, bere akolito batek, Boniface de Lassek bidea zabaldu zion Uztaritzen.
Martin de Ugaldek ‘Historia de Euskadi’ entziklopedian aipatzen duenez, Lasse «sindikoaren ordezkari zibil eta kriminala zen Lapurdin. Gizon triste honek sorginkeriaren aurkako prozesuak inauguratu zituen Lapurdin: 1575ean, Marie de Chorropique, Uztaritzeko Janetabarta etxekoa, sutara kondenatu zuten eta, behin hasita, berrogeialdi bat ‘sorgin’ errearazi zituen Ustaritzen ere».
Uztaritze Lapurdiko hiriburu eta erdigune instituzionala zen garai hartan eta gertaera hauek zeharo baldintzatu zuten herrialdearen istorioa. 1576ko urriaren 2an, 41 pertsona heriotzara zigortu zituen Lassek sorginkeria egotzita. Marie Txorropike (Marie de Chorropique) izan zen prozesuko auzipetu nagusia. Epaiak sutan erreta hiltzera kondenatu zuen. Mariekin batera, ustezko beste 40 sorgin ere hil zituzten herrian. Haurrak hiltzea eta haien gorpuak akelarreetan erabiltzea egotzi zieten.
Urte batzuk beranduago heldu zen Pierre de Lancre Bordeletik Lapurdira. Auzia Urruñako urtubiatarren eta Donibane Lohizuneko udal klanaren arteko botere gatazkak zirela medio Urtubiako gazteluko jaunak Henri IV.a erregeari dei egin zionean hasi zen. Horren ondorioz deabruarekin eta sorginkeriarekin obsesionatua zegoen Pierre De Lancre ‘ikerlaria’ 1609ko uztailaren 2an Baionara heldu zen. 2009an, ‘Belagileen tragedia’ pastoralak ekarri zituen gogora gertaera hauek.

Arduradunak badaude

«Hau da nire fantasia, Euskal Herriari begiratzen diona eta oihartzun egin beharko ligukeena»

Marokoren «momentum»-a
Kanpotarrek etorri behar honetaz konturatzeko
