Josu Ozaita
Antropologoa

GAUR8tik alfonbra gorrira

Justo Silbeti, Josu Ozaita eta Kepa Etxegoien, Zinemaldian.
Justo Silbeti, Josu Ozaita eta Kepa Etxegoien, Zinemaldian. (Utzitakoa)

Orri hauetan idatzitako istorioak, ikusitako paisaiak eta ezagututako bizimoduak hemen geratzen dira gehienetan, irakurleen memorian edo egunkariko orrialdeetan. Batzuetan, ordea, beste bide batzuk hartzen dituzte. Halaxe gertatu zaie Getariako bi herritarren inguruan GAUR8rako idatzitako bi istoriori: mikrodokumental bihurtu dira, eta Donostiako Zinemaldiko “Eusko Label” saileko finaleraino iritsi. Horietako batek lehen saria ere jaso du. Pozgarria izan da pantaila handian ikustea, baina, batez ere, istorio horietan parte hartu dutenekin une hori partekatzea.

Lehiaketaren erronka sinplea zen, itxuraz: mugikor batekin grabatutako hiru minutuko film labur bat, bertako produktu baten inguruan. Baina antropologo batentzat hiru minutuan zerbait kontatzea ez da sekula erraza. Denbora laburra da pantailan agertzen dena; luzea, berriz, atzean dagoen guztia. Zenbat elkarrizketa, zenbat behaketa, zenbat xehetasun eta zenbat hitz geratzen den kanpoan, irudi gutxi batzuetan sormena kabitu dadin. Ez gara zinemagileak, baina gure ikerketetan sarritan gerturatzen gara fokuen ertzean geratzen diren pertsonengana eta lanbideetara. Haietako batzuek, isilean bada ere, gure komunitateei eusten diete, beren balio eta hausnarketek sorrarazten dizkiguten bizimoduekin. Eta bide horretan, ideia horiei forma ematen laguntzeko, Zap! bideogintza izan dugu bidelagun; eskertzekoa da ideia zoro batekin joan eta ia inoiz ezezkorik ez entzutea. Mugikor batek denbora asko kentzen du, baina batzuetan istorio txiki batzuk urrun eramateko aukera ere ematen du.

ESPERANTZA

Kepa Etxegoien 25 urteko arrantzalearen egunerokotasuna agertzen da mikrodokumentalean. Goizaldean, 03.30ean, jotzen du iratzargailuak, eta Getaria inguruko itsasora ateratzen da sarea botatzera. Bakarrik egiten du lan, bakardade horrek dakartzan askatasun eta zailtasunekin. Seiak aldera moilara itzultzen da, pare bat orduko kuluxka egiteko etxean, berriro itsasora irten eta sarea biltzera joan aurretik. Egun batzuk oparoak dira, beste batzuk ez hainbeste; itsasoan ez baitaude bi egun berdin. Lurreratu aurretik, harrapatutakoaren berri ematen dio Elkano jatetxeko Aitor Arregiri, eta moilan elkartzen dira arrainek parrillarako bidea har dezaten. Eguneroko eszena bat baino ez dirudi, baina, begirada pixka bat luzatuta, askoz gehiago ikusten da bertan.

Aitorrek sarritan hitz egiten zidan “bazterreko arrantzaz”, eta aitortu behar dut hasieran ez nuela oso ondo ulertzen zer zen. Antropologia ikerketa bati esker gerturatu nintzen mundu horretara. Izan ere, zergatik dakigu hain gutxi bazterreko arrantzari buruz?

Arrantzaz hitz egiten denean, gehienetan kanpainak, tonak, prezioak edo estatistikak entzuten ditugu. Datuak eta ekonomia dira albisteen protagonista. Baina agian merezi du galdera beste nonbaitetik egitea: zer ekarpen egiten diote halako jarduerek komunitate bati, dirutan neurtu ezin den horretan?

Bazterreko arrantzak hurbileko itsasoarekin duen harreman zuzena erakusten du. Ontzi txiki batean pertsona bat edo bi, espezie desberdinak, eguneko harrapaketa eta inguruko uren ezagutza sakona. Harrapatzen diren arrain horiek ez dira soilik elikagai; Getariako itsas paisaiaz, itsas hondoaz, tokiko izenez eta belaunaldiz belaunaldi metatutako jakintzaz ere hitz egiten dute.

Kepa Etxegoien, ontzian lanean. (Josu OZAITA)

Aurten, oporretan, itsaso epelago batean, barbarina jan dut, baina ez zen Getariakoa bezalakoa. Zaporeaz harago ere bazegoen aldea. Getariako barbarinak Getariako harkaitzez, korronteez eta itsaso zati jakin batez hitz egiten baitu. Horregatik, produktu bat jatea, askotan, lurralde bat dastatzea ere bada.

Mikrodokumental honetan bizimodu bat erakusten saiatu naiz. Getaria itsas komunitate bat da, eta Kepa Etxegoien haren parte. Egunero ematen dio bizia moilari; han sortzen dira harremanak, partekatzen dira jakintzak eta hara iristen da gero mahaira helduko den jana. Jakoba Errekondok “emanarra” deitzen dion horren adibide ona dira Aitor eta Kepa: elkar zaintzen dute, elkarri balioa ematen diote, eta lotura horrek eusten dio neurri batean komunitateari ere. Hor dago istorioaren muina. Gastronomia egiteko sukaldariak behar ditugu, baina baita arrantzaleak eta nekazariak ere. Horregatik, zaintzea merezi dute bazterretik lanean ari diren jarduera txiki horiek.

TXALUPA MUTILA

“Pertsonei eta arrainei begietara begiratu”, esaten da Getarian. Justo Silbetik 91 urte ditu, baina itsasoak presentzia handia izaten jarraitzen du bere egunerokoan. 11 urterekin hasi zen itsasoan lanean txalupa mutil, eta garai hartako oroitzapenak bizirik dirau oraindik. Goizero egiten du moilarako bidea, eta toki horiek ez dira berarentzat espazio hutsak: bizipenak, ahotsak eta iraganeko pasarteak gordetzen dituen memoria bizia dira. Hiru minutuko mikrodokumental batean haren bizitza kontatzen saiatzea ez da justua; izan ere, Justoren bizitzak film luze baterako edo serie baterako ematen du.

Mikrodokumentalak erakusten du itsasoak zenbateraino marka dezakeen pertsona baten bizitza. Itsasoa ez da ur masa bat bakarrik; harremanak, lan egiteko modu bat, paisaia bat eta mundua ulertzeko modu bat ere bada. Horregatik, Justok hori guztia partekatu nahi du bere bilobarekin. Baina ez hitz hutsen bidez. Txalupan sartzen da harekin, arraunak hartu eta itsasora ateratzen dira. Esperientzia partekatu horretan dago benetako ikaskuntza.

Azken batean, transmisioari buruzko film bat da hau. Baina transmisioa ez da ezagutza kutxa bat belaunaldi batetik bestera pasatzea. Transmisioa da elkarrekin bizipen bat sortzea, emozioak partekatzea eta munduarekin harreman jakin bat esperimentatzea. Ondoren, hurrengo belaunaldiak erabakiko du zer egin jasotako horrekin, bere garaiko beharretatik eta bizipenetatik abiatuta.

ZINEMATIK HARAGO

Ederra izan da hori guztia bizitzea, sortzea eta, gero, pantaila handian elkarrekin ikustea. Baina sariak edo emanaldiak baino gehiago, bidean ikasitakoa eramango dugu etxera. Keparekin itsasoan lan egiteak zer esan nahi duen ulertu dugu, eta haren bidez bazterreko arrantzaren mundura hurbildu gara. Aitorrek erakutsi digu bazterreko arrantza maitatzen eta jarduera horiek zenbaterainoko garrantzia duten komunitate baten bizitzan, eta zergatik merezi duten bazterretik erdigunera ekarriak izatea.

Eta Justok? Berarekin beste itsaso bat ezagutu dugu. Pantailarik gabeko garaiko itsasoa; baleei, txoriei, ilargiari edo hotsari arreta jarrita interpretatzen zena. Itsasoa ez da arrantzarako tokia bakarrik: natura, harremanak, emozioak, jakintzak eta kultura ere bada.

Xuhar, Josuren 8 urteko semea, Justorekin arrantzan. (Josu OZAITA)

Baina, batez ere, bizitzarekiko jarrera bat erakutsi dit. Horixe da Justok transmititu didan gauzarik baliotsuena: bizipozari eta ilusioari eusteko gaitasuna, urteak pasa arren. Nik ere, 91 urterekin gauean lo egin gabe egon nahi dut, hurrengo egunean Zinemaldiko film batean atera behar dudalako...

GIDOITIK HARAGO

Grabaketa egunean, Justo naturaltasun handiz aritu zen, kameraren aurrean betidanik egon izan balitz bezala. Bere bilobaren papera nire 8 urteko seme Xuharrek egin zuen, eta bien artean berehala sortu zen konplizitatea. Itsasoan geundela, Justok esan zion: «Ni lehenengo aldiz 6 urterekin sartu nintzen itsasora, eta orduan bakarrik mareatu nintzen. Zu ez zara mareatu, Xuhar!». Handik gutxira, etxera iritsi eta honela esan zuen semeak: «Ama, nik hiru aitona dauzkat: Jexux, Joxe Mari eta Justo».

Harreman horrek aurrera jarraitu zuen grabaketatik harago ere. Eta Zinemaldiko egunaren bezperan, audioa bidali zuen gure semeak Getariara: «Justo, zer moduz? Biharko plana daukagunez, arratsaldean ni gustura joango nintzateke zurekin Donostiako Aquariumera. Bueno, abisatuko diguzu nahi baldin baduzu, aioo!».

Zinemaldiko emanaldiaren aurretik Aquariumean ibili ginen elkarrekin, arrainen azpian, itsasoan bageunde bezala; ondoren etorri ziren urduritasunak, ospakizunak eta etorkizunerako marmitako janerako gonbidapenak. Azkenean, mikrodokumentalak itsasoari buruzkoak ziren arren, beste zerbait ere utzi dute bidean: elkar ezagutzen ez zuten pertsonen artean sortutako harreman bat.

Gidoia serio hartu zuten, eta fikzio txiki hark benetako harreman bati eman zion bidea. Noizbehinka, aitona-biloba harremanak odolezkoak izan gabe ere sortzen dira. Bejondeizula, Justo!