Ehunka haur geratu dira umezurtz edo euren familiengandik banandu dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoko Ituri probintzian, Ebola agerraldiaren epizentroan, UNICEFen arabera; erakunde honek haurtzaindegiak zabaldu ditu haiek zaintzeko.
Epidemia deklaratu zenetik igaro diren bost hilabeteetan, 4.000 heriotza baino gehiago eragin ditu, baieztatutako 9.000 kasu baino gehiagoren artean. Egungo krisian, hildakoen heren bat inguru eta kutsatuen laurden bat baino gehiago haurrak dira.
Gurasoak gaixo dituzten haurrak 21 egunez behatzen dituzte, sintomarik garatzen duten ikusteko. Hala bada, Ebola Tratamendu Zentroan sartzen dute umea, ondo zaindu ahal izateko. Umeak, noski, tristetu egiten dira gurasoengandik agurtzean, eta hor enpatia lanketa handia egiten dute, behar bezala agurtzen uzten.
«Badira guraso biak galdu dituzten haurrak; guraso horiek, gainera, ez ziren hemengoak. Gurasoak hil egin ziren, eta haurrak auzokideen edo elizaren esku geratu ziren. Benetan deitoratzen dugu haur hauen egoera, oso triste sentitzen gara«, dio Florimond Lone Lona bolondresak. Berak umezurtzekin egiten du lan zuzenean.
Jerome Kouachi UNICEFeko larrialdi zerbitzuan medikua da. Berak azaldutakoaren arabera, Ebolak eragin handia du familietan. Izan ere, 1.900 haurri eragin die krisi honek nolabait, umezurtz geldituz edo euren familietatik banatuz. «UNICEFen erabat inplikatuta gaude haur horiei laguntzeko. Bi mailatan ari gara lanean: batetik, haurrei arreta ematen; eta, batez ere, kasuak goiz detektatzen, haur horiek arreta-zentroetara eraman ahal izateko, han bizirauteko aukera izan dezaten», adierazi du.

