02 AVR. 2025 - 12:35h Baluarte zientziaz eta teknologiaz beteko dute gazteek larunbat honetan 140 ikaslek baino gehiagok garatutako proiektuak izango dira protagonista larunbatean Baluarten egingo den Elhuyar Zientzia Azoka/Nafarroa Teknozientzia ekitaldian. Aurreratu dutenez, eguneroko bizitzak planteatzen dituen erronkiei erantzuten dieten egitasmoak egongo dira ikusgai. Ikasleek garatutako proiektuak egongo dira ikusgai larunbatean Baluarten. (Elhuyar Fundazioa) GAUR8 Larunbateko Elhuyar Zientzia Azoka/Nafarroa Teknozientziak 140 gazte baino gehiago bilduko ditu larunbatean, Baluarten. DBHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hezkuntza Bereziko Nafarroako 15 ikastetxetako 45 proiektu aurkeztuko dira gehienez. Elhuyar Zientzia Azoka/Nafarroa Teknozientzia larunbat honetan, apirilaren 5ean, itzuliko da Baluarteko erakusketa aretora. Iruñean egingo den zazpigarren edizioa da. Gazteen artean Stem (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) bokazioak sustatzea helburu duen programak Nafarroako 15 ikastetxetako 180 ikasle baino gehiago bilduko ditu, ikasturtean zehar garatu dituzten 45 proiektu erakusteko. Antolatzaileek azaldu dutenez, hitzordua aukera bat da «ikasleek beren lanen emaitza aurkez dezaten». «Helburua da gizarteak gaur egun eta etorkizunean aurki ditzakeen benetako arazoei eta erronkei irtenbide berritzaileak proposatzea», berretsi dute. Hori dela eta, iraunkortasunarekin, kutsadurarekin eta ingurumenarekin lotuta dauden egitasmoak ikusi ahal izango dira, «eguneroko bizitzarako erronka diren gaiei» helduz. Erakusketak, gainera, hainbat proiektu gonbidatu bilduko ditu, «hala nola amaitu berri den CanSat-en zazpigarren edizioko parte-hartzaileek. ESEROren eta ESAren (Europako Espazio Agentzia) proiektu bat da, Europa osoko ikasleei beren satelite txikia diseinatu eta eraikitzeko erronka proposatzen diena. Iruñeko Planetarioak eta Elhuyarrek, Nafarroako Gobernuaren, Lakuako Gobernuaren, Aditech-en, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nasertic-en laguntzarekin antolatutako ekitaldia da azoka, doakoa eta librea. Irudimena, gizartearen zerbitzura Azoka goizeko 10.00etan zabalduko dute, ikasleak protagonista izango dituen inaugurazio zeremonia labur batekin. Anaitz Fernandez ETBko meteorologoak gidatuko du ongietorria, eta Juan Luis Garcia Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak, Paula Noya NICDOko Kultura Azpiegituren zuzendariak eta Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak hartuko dute parte. Ekitaldiak lau ordu inguruko iraupena izango du, eta bisitariek ikastetxeek antolatutako standetan zehar ibili ahal izango dute, eta ikasleek beren proiektuak xehetasunez azalduko dituzte.