GAUR8

Aste Santuan erakusketak eta egoitzak ikusteko aukera eskaintzen dute Bizkaiko Batzar Nagusiek

Hurrengo egunetan, Bizkaiko egoitza parlamentarioak eta ikusgai dituen hiru erakusketak bisitatzeko aukera dagoela gogoratu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. Kontserba-fabriketako emakumeak, arte gotikoa eta «Europako lehen sistema parlamentariotzat jotzen» dena dira erakusketen ardatz nagusiak.

Kontserba-fabriketako langileei buruzko erakuksetaren irudi bat. (Conservas Ortiz | Bizkaiko Batzar Nagusiak)

Bizkaiko Batzar Nagusiek Legebiltzarreko egoitzak bisitatzeko aukera eskainiko dute Aste Santu honetan, eta horren ondoan, Enkarterrietako Museoan, Bilboko egoitzan eta Erandioko metro geltokiko plazan ikusgai dituzten hiru erakusketak ere.

Ohar batean gogorarazi dutenez, jai hauetan milaka dira Gernikako egoitzara bertaratzen diren bisitariak, «Europako sistema parlamentario zaharrenetako baten arima gorena ezagutzeko».

Gernikako Batzar Etxea bisitatzea doakoa da, baina edukiera mugatua denez, aldez aurretik hitzordua hartu behar da Batzarren webgunean (www.jjggbizkaia.eus). Ordutegia 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 18.00etara izango da, lanegunetan, eta jaiegunetan 19.00ak arte luzatuko da.

Bestalde, Gerediagako Juntetxea (Abadiño), garai batean Durangoko Merindadeko Batzarrak biltzen ziren egoitza, astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 10.00etatik 20.00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan ordubete lehenago.

Enkarterriko kultura eta historia ondarerik garrantzitsuena eta zabalena biltzen duen Enkarterrietako Museoa 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 18.00etara egongo da ikusgai. Jaiegunetan goizeko ordutegian egongo da zabalik, 14.00ak arte.

Aldi baterako erakusketak

Bestalde, Bizkaiko Batzar Nagusiek iraganean «beren lanarekin herrialdearen aurrerabidean» lagundu zuten emakumeei eskainitako erakusketa bat dute. Oraingo honetan, Bizkaiko Ganberak kontserbagileen lanbidea omendu du liburu bat argitaratuta eta aipatutako erakusketarekin. Kontserbagileek XVI. mendetik aurrera lurraldeko portuetako lonjetan arraina eraldatzen jardun duten emakumeak dira.

Erakusketa apirilaren 25era arte egongo da zabalik Hurtado de Amezagako (Bilbo) Batzar Nagusietako erakusketa-aretoan. Bertan, argazkiak, dokumentuak, koadroen erreprodukzioak, testigantzak eta hainbat tresna (lan-tresnak, sareak, saskiak, arropa, material grafikoa eta kontserba-latak) biltzen dira.

Era berean, Abellanedako (Sopuerta) Enkarterrietako Museoak ‘Erdi Arotik bizirik atera zirenak. Arte Gotikoa Enkarterrietan’ erakusketa apirilaren 30era arte egongo da zabalik.

Erakusketak urregintza, irudi eta pinturen artean ondare-balio handiko 38 pieza biltzen ditu, eta Jesus Muñiz Petralanda historialariak XIII. eta XVI. mendeen arteko Bizkaiko ondarean arrasto garrantzitsu bezain ezezaguna utzi duen garai artistiko zahar honi buruz egindako lanean oinarritzen da.

Azkenik, Erandioko metroaren geltokiaren plazan ‘Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutu itzazu’ erakusketa ibiltaria dago. XIV. mendetik herrialdearen gorabehera nagusien protagonista eta lekuko izan den eta Europako lehen sistema parlamentariotzat jotzen den erakunde baten garrantzi historiko, politiko, sozial eta kulturalari balioa ematen dion ekimena da.