21 AVR. 2025 - 15:39h Kanpaina berri bat zabaldu du Bilboko Udalak ikusgarritasun lesbikoaren egunaren harira Apirilaren 26an ospatzen den Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunaren inguruan sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian Bilboko Udalak «emakume lesbianen errealitatea ikusarazteko» eta «berdintasuna eta sexu genero aniztasunarekiko errespetua sustatzeko». LGTBIfobiaren aurkako mobilizazioa Bilbon, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU) GAUR8 Bilboko Udala sentsibilizazio-kanpaina berri bat zabaltzen hasiko da, apirilaren 26ko Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna dela eta, «emakume lesbianen errealitatea ikusarazteko» eta «berdintasuna eta sexu eta genero aniztasunarekiko errespetua sustatzeko». Apirilaren 26a «aurreiritzirik eta diskriminaziorik gabeko gizarte baten beharraz hausnartzeko funtsezko data da», adierazi du Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziak ohar batean. «Bizitzako esparru guztietan gizarteari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko unea da, baita pertsona guztiak duintasunez eta epaituak izateko beldurrik gabe bizi ahal izateko inguruak sustatzekoa ere», gaineratu du. Hiri askotarikoa eta inklusiboa eraikitzeko Nabarmendu du, halaber, Udalak «benetako berdintasun eraginkorrarekiko konpromisoa berresten» duela, bai eta «eskubide eta aukera berberak dituzten pertsona guztiak hartuko dituen hiri askotariko eta inklusibo baten eraikuntzarekiko konpromisoa ere, 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) lerrokatuta, eta, aldi berean, Bilboko Balioen Gutunarekin, Bilbao Balioen Hiria proiektuaren esparruan». Kanpainarako diseinatutako irudiak «erdigunean jarri» nahi ditu emakume lesbianak, eurak protagonista direla, «lesbiana hitzarekin eta ostadarraren koloreak, aniztasunaren sinbolo gisa». «Ozen eta argi» esaldiarekin osatzen da, «kolektiboaren ahotsari balioa emateko» asmoz, eta ospatzen den efemeridearen leloarekin, «Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna. Apirilak 26». Herritarrak gonbidatu ditu, era berean, «aktiboak izatera eta sexu-orientazioagatik eta genero-adierazpenagatik edozein motatako diskriminazio, gorroto edo indarkeria desagerrarazten laguntzera». Helburu horrekin, kanpaina berria hainbat euskarri fisikotan zabalduko da, hala nola hiri-altzarietan, udal pantaila digitaletan eta www.bilbao.eus webgunean, bai eta Udalaren sare sozialetako kontuetan ere.