10 MAI 2025 - 00:00h Bengalen argi berotan Iñaki Soto GARAko Zuzendaria / Director de GARA Zoragarria litzateke trantsizio ekosozialean ditugun arazo guztiak kooperatibista bat, suhiltzaile bat eta Norvegiako Funts Subiranoa izatea. Horrek esan nahiko luke Euskal Herria munduko potentzia ekologista bat dela. Ez naiz okertzen. Badakit energiarekin ditugun arazoak ere ez direla Oi! banda batekin aliatu diren lau hippy, ez dela bukolismoaren azpian «mi coche no» leloa ezkutatzen duen jendearekin bat egiteko konplexurik ez duen oportunisten taldetxo bat. Politika pseudoerlijio eta sekta bihurtzeko joera bai izan daiteke gure arazo nagusietako bat, gai honetan eta beste batzuetan. Zartakoak biktimismoarekin uztartzeaz ere hitz egin beharko genuke, lehenbailehen. Oro har, bozkatu ezin diren egia absolutuak dituztenei politika ez zaie gustatzen. Besteak beste, bozketak galtzen dituztelako. Eta nahiago dutelako gizatiarra den orori hurbilketa moralista bat egitea eta naturarekiko pentsamendu metafisiko antimaterialista bat lehenestea. Kalteak murrizteko politikak eraginkorrak izan daitezke botere-desoreka handiko testuinguruetan. Horretarako, graduak eta aniztasuna daudela onartu behar da. Binarismoaren erreinuan, ordea, onartezinak dira. Jendeak dioena dioela, egiten ez duena egitera behartzea edo egiten duena debekatzea dira aurrerabide bakarrak. Auzia ez baitira proiektu politikoak jendartearentzat, baizik eta bizi-ereduak bizilagunentzat. Motzean, beren tesiak edo zigorrak gogo onez onartzea besterik ez dute bilatzen. Orokorrean, ez da denbora gehiegi galdu behar eztabaidatu nahi ez duenarekin eztabaidatzen. Baina etengabe gauzak exijitzen dizkigutenez eta ez dakit zeren izenean hitz egiten dutenez, erantzutea komeni da, agian. Dialektikan psikologia argudiaketa baino garrantzitsuagoa denetik, konfrontazioa alde batera utzi baita. Ulertzen dut argudioa, baina irabazi nahi bada ezin da beti amore eman. Adibidez, boligrafo gorriz irakurtzen gaituzten batzuk hobe lukete boligrafo urdina hartu eta pentsatzen dutena esaten hastea. Komeni baita zer pentsatzen dugun esatea, gutxienez argi gera dadin asko garela kooperatibistari eta suhiltzaileari babesa ematen diegun herritarrak. Are gehiago, herrialdearentzat eta bertako jendearentzat zentzuzkoa, ekologikoa eta errentagarria den proposamena egin ezkero, baita Eskandinaviako Funtsaren eskaintza baloratuko dugun herritarrak ere. Kontuan izan horrek «eskas» bihurtzen gaituela beren begietara. Izan ere, ez dira gai esateko jarrera horrek ez lukeela erasorik edo irainik ekarri beharko. Edo kiroltasunez jasoko dituztela bueltan. Parke eoliko baten alde egotea eta foka kumeak makila batekin hiltzea ez baitira gauza bera. Batzuek diote, ordea, Mondragon eta Iberdrola igualak direla. Opuseko eskola bat eta ikastola bat gauza bera direla defendatzen zuten berdinak ote dira? Eta euskararentzat, GARA eta Vocento, pare. Kutsu iraultzailea duen erretorika eraiki da, koherentea izan behar ez duena; eta ez soilik ikuspuntu etiko edo politikotik, ezta epistemologikotik edo egitura gramatikal gisa ere. Badira ulertzeko gai ez naizen gauza ugari. Batzuk nire ezintasunengatik, beste batzuk arretarik ez dudalako jartzen. Ez du axola, orojakilea izatea gauza astuna baita. Beti daukat gogoan, ordea, kausalitatea eta korrelazioa ez direla nahastu behar. Une jakin batean barku baten ibilera Indiako ozeanoan, kable baten luzera basamortuan eta New Yorkeko Burtsan balio baten aldaketa ez dira, derrigor, ezeren erakusle. Zorionez, ez gara mezu horren hartzaile gaindohatuak. Trantsizio energetikoaren auzi askori buruz zalantzak ditut. Ez dut zalantzarik egiten bide horren zailtasunaz, ezta etsaiak nortzuk diren ere. Ez da beti honela izan, tronpatu izan bainaiz, maiz. Aldatzeko aukera gauza handia da. Gogoa behar da, hori bai. •