GAUR8

Karen Barad filosofoa Euskal Herrian


Karen Barad zientziaren filosofo estatubatuarra Donostian izan dugu asteon. Filosofoa ezagutzen dugunok aukera paregabea izan dugu bere lana zerbait gehiago ezagutzeko, berarekin egon eta gure zalantzak argitzeko. Baina aukera galdu dutenentzat, filosofia interesatzen zaien baina Baraden lana ezagutzen ez dutenentzat, lerro hauek idatzi ditut.

Karen Barad Kaliforniako Unibertsitatean fisikaren filosofia lantzen duen ikertzailea da. Nire ustez, bere lanaren alderdi interesgarriena Newton eta Bohr fisikarien paradigma onto-epistemologikoen konparaketan garatzen duen teoria da, hau da, errealismo agentziala.

Newtonen ikerketen ondoren garatutako errealitatearen ikuspegian, subjektu ezagutzailea eta objektua bereizita daude. Objektuak hor daude, munduan, eta gure existentziarekiko independenteak dira. Subjektuak objektu horiek ezagutzen ditu arrazoiaren bidez.

Bestalde, Bohrren esperimentuek erakusten dutena da materia ezin dela aztertu eraldatu gabe. Horregatik, Bohrrek, errealitatea propietate finkoak dituzten objektuz osatuta dagoela pentsatu beharrean, errealitatearen funtsezko batasuna fenomenoa dela argudiatu zuen, hori behatutako objektuaren eta neurketa-tresnen arteko harreman banaezin bezala ulertuta.

Baraden (1995) ontologia kuantikoak Newtonen mundu ikuskera egituratzen duen epistemologia objektibistatik aldendu nahi du Bohrek, proposatutako harremanaren ontologian materia nola definitu arakatzeko.

Baradentzat, mundua materiaz osatutako eraldaketa etengabeko prozesu irekia da, materiaren prozesua, non materiak berak esanahia eta forma hartzen duen, aukera agentzial ezberdinen bidez egikaritzean. Materia ez dago objektuz osatuta, fenomenoz baizik. Fenomenoa erlazio dinamiko bat da. Fenomeno partikularren barnean determinatzen dira materia eta esanahia modu zehatz eta lokalean. Materiak esanahia determinatzen du eta alderantziz, hau harreman kausal eta espezifikoen bidez egiten da.

Newtonen ikuskeraren aurka, fenomenoak ez dira kanpotik behatzen, fenomenoetan parte hartzen da, ez dago datuak erregistratzen dituen behatzaile pasiborik; aitzitik, behaketa-egintzak berak behatutako fenomenoa eratzen laguntzen du. Fenomenoak ez dira aurretik dagoen errealitatearen behaketa hutsak, baizik eta aktiboki azaleratzen diren entitateak, neurgailuen, zientzialarien eta baldintza esperimentalen arteko interakzio ekintzen bidez eratzen direnak. Horrela, ezagutza mundutik kanpo dagoen behatzailearen teorizazio gisa kokatu beharrean, Baraden ezagutza ulertzeko moduak behatzeko eta teorizatzeko ekintza munduaren barruko praktika aktibo baten parte dela proposatzen du.

Mundua harremana denez, ez dago esentziarik, esentziak beti mantentzen diren propietateei egiten dielako erreferentzia. Gauzek esentziarik ez izateak ez du esan nahi ez daudenik determinatuta. Kontua da determinatzen duen hori ez dela aldaezina den natura edo jainkoa. Erlazioen ontologiak errealitatearen azken osagaitzat hartzen du entitateak elkarren artean lotzen eta bereizten dituzten harremanen multzo aldakorra. Erlazioak, zerbaiten esentzia eta propietatea baino, lehenagoko balio ontologikoa du. Hau da, errealitatea determinatzen duena harremana da, eta gu harreman horien parte gara. •