22 MAI 2025 - 12:01h Emakume zaintzaile profesionalen ongizate fisikoa sustatzeko proiektu pilotua Hernanin Zaintza lanetan aritzen diren emakumeei zuzendutako proiektu pilotua jarri dute martxan Hernanin, arlo fisikoa, emozionala eta soziala lantzera bideratuta, jarduera fisikoak dituen onurak kontuan hartuta eta bizi-ohitura osasuntsuak bultzatzeko. Maitelan kooperatibako 16 kidek parte hartzen dute. Zaintzaile profesionalei zuzendutako programak bi fase izan ditu eta komunitatera zabaltzeko asmoa dago. (Hernaniko Udala) GAUR8 Zaintza lanetan aritzen diren emakume profesionalen ongizate fisikoa sustatzeko programa jarri du abian Hernaniko Udalak, arlo fisikoa emozional eta soziala lantzeko helburuz. Bide horretan, gainera, «jarduera fisikoak eta kirolak dituzten onurak eta bizi-ohitura osasuntsuak euren bizitzan txertatzea eta jarduera fisikoaren bidez emakumeen ahalduntzea ematea» bilatzen du ekimenak. Proiektu pilotu hau maiatzaren 16tik dago martxan, orduan elkartu baitzen lehenengo aldiz taldea elkarrekin ariketa fisikoa egiteko. Egitasmoa bi fasetan garatu da. Lehen hitzordu horren aurretik, martxoan lanketa berezitua egin zen programan parte hartuko duten emakume bakoitzarekin, «bakoitzaren errealitatea, egoera eta beharrak jasotzeko». Guztira, 16 emakume ari dira parte hartzen, guztiak Maitelan kooperatibako kideak. «Hernani Burujaberen baitako Zaintza Mahaiak zaintzaileen zaintzari buruzko arlo bat du eta hortik sortu da elkarlan hau», argitu du Axier Mingo Jarduera Fisiko eta Kirol zinegotziak. Udal arduradunak azpimarratu du zaintza eredua udal gobernuaren «gai zentrala» dela, eta azpimarratu du du zaintza ereduak pertsonengan dituen «ondorio nabarmenak». «Ondorio horiek saihesteko edo arintzeko, funtsezkoa da zaintzaileen osasun-egoera kontuan hartzea eta babesa eskaintzea«, adierazi du Mingok, eta zaintzaileen ongizateak mendeko pertsonen zaintza egokian suen eragina nabarmendu du. Mingoren esanetan, kontuan hartzekoa da alde fisiko eta emozionalez gain, zaintza lanek gizarte harremanetan ere badutela ondorioa, «bigarren mailako bihurtzen baitira zaintzailearen beharrak. Zaintza lanak oso denbora-eskatzaileak dira eta horrek bizitza soziala murriztea ekar dezake». Zinegotziaren esanetan, komunitatea egiteko modu bat ere bada jarduera fiskoa egitea, «ongizate sozialean» eragiten duena eta isolamenduari aurre egiteko modu bat ere badena. Abenduan bukatuko da programa eta egitasmoaren balorazioa ea izan dituen ondorioak aztertuko dituzte, «helburua egitasmo honetatik komunitatera sartzea da, nolabaiteko sarbide moduko bat izan dadila herriko eragile eta zerbitzuetara emakume zaintzaileentzat».