30 MAI 2025 - 11:15h On Zientzia bideo lehiaketaren sariak banatu dituzte Tabakaleran On Zientzia zientzia eta teknologiari buruzko bideo lehiaketaren sariak banatu dituzte Tabakaleran. ‘Etorkizuna gaur’ eta ‘¿Cómo se forman realmente los bebés?’ lanek jaso dute sari nagusia. 94 lan aurkeztu dira, euskaraz gehienak, baina Euskal Herritik kanpo heldutako bideoak ere izan dira. On Zientzia bideo lehiaketaren sarituak, irudian. (Elhuyar Fundazioa) GAUR8 Elhuyarrek eta DIPC Donostia International Physics Center zentroak hamabosgarren urtez antolatu duten On Zientzia bideo lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin zuen ostegunean Donostiako Tabakaleran. ‘Etorkizuna gaur’ eta ‘¿Cómo se forman realmente los bebés?’ bideoek jaso dute sari nagusia.Adolfo Morais Ezquerro Lakuako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza sailburuordeak, Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak, Aran Garcia Lekue DIPCko proiektu estrategikoen zuzendariak, Marian Iriarte Ormazabal EHUko errektoreorde eta epaimahaikideak eta Javier Aizpurua Iriazabal BasQ zuzendari zientifikoak banatu zituzten sariak.Aurten 94 lan jaso ditu zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea helburu duen lehiaketak. Bideo gehienak euskaraz aurkeztu badira ere, izan dira gaztelaniazko eta ingelesezkoak ere, mundu osoko jendea baitago parte hartzaileen artean. Lan gehienak Euskal Herriko gazteek aurkeztuak dira, baina hainbat bideo jaso dira Perutik edota Filipinetatik ere, besteak beste. Aurkeztu diren bideo guztiak ikusgai daude www.onzientzia.tv webgunean.3.000 euroko dibulgazio bideo onenaren saria euskarazko eta gaztelaniazko lan banari batera ematea erabaki du aurten epaimahaiak: batetik, Isadora, Renata eta Leonel Virosta Gutierrez anai-arreba kantabriarrek jaso dute saria, ‘¿Cómo se forman realmente los bebés?’ bideoarengatik, eta, bestetik, Unai García Lopez andoaindarrak, ‘Etorkizuna gaur’ bideoari esker.Halaber, euskarazko bideo onenaren saria (2.000 euro), Joseba Zabala asteasuarrarentzat izan da, ‘Ezkutuko erraldoiaren eragina’ lanarengatik, eta Ubay Moll Ruiz ikasle donostiarrak jaso du Gazte Saria (1.000 euro), ‘Platano erradioaktiboak’ bideoarengatik. Kuantika, gaien arteanAurten, gainera, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2025a Zientzia eta Teknologia Kuantikoaren Nazioarteko Urtea izendatu duenez, epaimahaiak kuantikari buruzko bideo onenaren BasQ saria eman du (500 euro), eta Enric Ponce de Leon fisikari bartzelonarrak jaso du, ‘Quantum Café’ lanarengatik.Marian Iriarte Ormazabal EHUko Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako errektoreordea, Jon Mattin Matxain Beraza EHUko Kimika Fakultateko dekano eta DIPCko elkartua, Itxaso Azcune Tolosa DIPCko komunikazio teknikaria eta Nagore Rementeria Argote Elhuyarreko kide eta ‘Teknopolis’ programako zuzendaria izan dira epaimahaikideak.