06 JUIN 2025 - 17:19h Bortzirietako Zaintza Diagnostikoa Zebrabidean Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantzako biztanle eta eragile aunitzen artean osatu dute zaintza lanen diagnostikoa eta proposamena, zaintzen dutenekin eta zainduak direnekin, helburu argi batekin: «Zaintza lanen antolaketa bidegabeari aitzin egitea, eta horiek demokratizazio bidean jartzea». Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo. GAUR8 Bortzirietako zaintza lanen diagnostikoa eta ekintzarako proposamena aurkeztu du bertako Berdintasun Zerbitzuak. 2024tik 2025 hasiera bitarte egindako prozesuaren lehen emaitza da, Emaginekin egina. Elkarte honetan formazio eta ikerketa feminista lantzen dute bereziki, eta zaintzan sakontzen hasi ziren duela zortzi urte, mugimendu feministak gaia sukalde eta etxe zokoetatik plazara atera zuenean. 2018an eta 2019an Euskal Herriaren luze-zabalean egin ziren greba jendetsuen eta ondoko greba feminista orokorraren ondorioz, oihartzun handia hartu zuen gaiak. Orain, auzia tokian tokiko politiketara eramatea da erronketako bat, eta horri heldu diote Nafarroa iparraldeko eskualde honetan ere. Bortziriak landa eremua dira, eta badituzte zenbait berezitasun. Landako emakumeak nekazariak izan dira nagusiki. Baserriek emakumeei esker funtzionatu dute, langile nekaezinaren ideiari lotuta. Etxea zaindu dute, bertan bizi ziren guziak, ingurua zaindu dute eta baserriko lanak ere eraman dituzte aitzinera. Industrializazio prozesuak, ordea, eraiki zuten kultur ondare aberatsa baztertu zuen eta emakume landatarrak zokoratu zituen. Faktore demografikoak ere badaude. Haur gutxiago jaiotzen da, gazteek landa eremua utzi dute, eta jendea gero eta gehiago bizitzen da. Ondorioz, zahartze indizea Nafarroako batezbestekoa baino dezente handiagoa da Bortzirietan. Horrek zaintza lanen pisua handitzen du eta aunitzetan bertze emakume batzuen kontrataziora jotzen da. Gehienetan migratu duten emakumeak daude zaintza lan profesionaletan.