07 JUIN 2025 - 00:00h Nekatzen ez den herria ez da inoiz hilko Ramon Sola Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad Duela 14 urteko ziklo aldaketaren ondoren nolabaiteko motelalditxo politiko bat sumatu zenean, talka armatu odoltsuaren ostean herri hau nekatua zegoela ondorioztatu zuen analisigile askok. Zentzuduna zirudien azalpenak, baina errealitatea desitxuratzen ari ginen akaso. Orduan ez zen 60ko hamarkadako iraultza soziopolitiko-kulturala berpiztu, ez eta Lizarra-Garaziko aro sasieratzailea abiatu ere, baina zenbait dinamika indartsu agertu zen garai haietan: herri harresiak, esaterako, edota 2014ko ekainaren 8ko Gure Eskuren giza-kate arrakastatsua. Neke hura, teoria izatetik praktika izatera pasa da azken urteotan. Goizean hartzen dugun autobusean, entzuten dugun irratian (publikoan gehiago), kalean belarrira datorkigun solasaldian… gai nagusia bilakatu dela antzematen da. Astelehenari pattal ekiten dio askok; asteartea egunik okerrena omen da; asteazkenetik begiratuta asteburua urruti gelditzen da oraindik; ostegunean noiz bizi garen nahasten hasten omen gara, errutinaren poderioz; eta ostiraleko azken koxkari ere nekez heltzen zaio. Are gehiago, eta biziki adierazgarria dena: igande arratsalde erditik aurrean basamortua dirudite gure herri-hirietako kaleek, asteburuko ajeak asteburua amaitu aurretik jotzen du eta. Norbaitek ikertu beharko luke neke hori objektiboa edo subjektiboa den, justifikatua edo arrazoirik gabea. Izan ere, objektiboki aztertuta, gaur egungo lanaldiak motzagoak dira, lan egunak gutxiago ere bai gehienetan, amatasun-aitatasun baimenen epeak biderkatu dira, bizitzeko beharrak bermatuago daude, testuinguru politikoa bareago dago... Baina egia da, aldi berean, hau ere goitik behera objektiboa, teknologiaren eztandak deskonexioa murriztu edo desagerrarazi duela, digitalizazioaren ondorioz lan asko premiazkoagoak direla, edota funtsezkoak ez diren «behar» batzuk erantsi dizkiegula geure buruei. Pandemiak ere eragin paradoxikoa izan du: ondorengo «carpe diem» honek ez du bizimodua arindu, gogortu baizik. Aipatutako aldagaiak mundu mailakoak izanik, ez dut uste Euskal Herria ondoko herriak baino nekatuago dagoenik. Segur aski denarekin neke-neke eta nazka-nazka eginda daudelako, goraino, potrotaraino, hautatu dute berriz Donald Trump gobernuburu Estatu Batuetan, edo zabaldu diote bidea ultraeskuinari Europako herrialde askotan. Euskal Herrian, gaitz erdi, herri gisa behintzat erronkari eutsi egin diogu orain arte sobera, erraz, nahiz norbanakoen esparrura jaitsi ezkero nabaria den askoren burmuinetaraino sartzen ari dela ideia gorrotagarri ugari. Tira, Espainian eta Frantzian bertan gu bezain nekatuta daude, segur aski, edo gehiago, batek daki hori neurtzen. Nekea gauza arriskutsua da, edozein kasutan, kontuz hartzekoa. Ilusiotik abiatuta gauza handiak lor daitezke, amorruak ere zerbait erditu dezake ongi bideratua bada, etsipenak ere zeozer ekar dezake zenbaitetan... baina indar eta gogo faltak, ez. Nekez. Historiak garapen ziklikoa izan ohi duenez, baliteke laster edo berandu nekatua egoteaz nekatzea eta indarberritze kolektibo eta pertsonal bati bide ematea. Bitartean, nekatzen ez den jendearen atzetik ibiltzea ariketa egokia izan daiteke, abiadurari eusteko besterik ez bada, bizikleta lasterketetan bezala. Gaur bertan Bilbon, adibidez, Durango eta Iruñea arteko giza-kate gogoangarri haren urtemugan. Ez dakit kantatzen duen herria inoiz hilko al den, baina nekatzen ez dena, seguru ezetz. •