11 JUIN 2025 - 12:43h Etxebizitzetan irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko laguntzak, Galdakaon Galdakaoko Udalak hiru laguntza lerro jarri ditu abian, etxebizitzetan eta eraikinetan irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko egindako lanen kostua arintzeko. Webgunean argitaratu ditu oinarriak eta eskaerak azaroaren 30era arte aurkez daitezke. Eguzki plakak etxebizitza eraikin batean, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU) GAUR8 Hiru laguntza lerro onartu berri ditu Galdakaoko Udalak, etxebizitzetan edo eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko lanak eta energia eraginkortasuna areagotzera begirakoak laguntzeko. Energia iturri berriztagarriak jartzeko proiektuek ere eskuratu ahal izango dute laguntza.Lehen deialdi honetan, 2024-2025 aldian egindako hobekuntzak hartuko dira kontuan. Eskaera egiteko epea aste honetan bertan zabaldu dute eta azaroaren 30era arte egongo da irekita. Udalak ohartarazpena egin du laguntzen harira, egindako lanen eta egingo diren lanen fakturak gordetzeko.Udalak 300.000 euro bideratuko ditu, sarrera ordenaren arabera eta gehienez 3.000 euro emango ditu etxebizitza bakoitzeko, familiaren diru sarrerak kontuan hartura. 8.000 euro izango dira gehienez eraikin bakoitzeko.Irisgarritasuna hobetzeko proiektuen artean, igogailuak lehen aldiz jartzekoak eta pasabideak edota ateak egokitzeko lanak daude jasota laguntzak arautzeko oinarrietan. Besteak beste, bainuontzien ordez dutxak jartzea eta itxiturak edota barrak jartzeko lanak ere hartuko dira kontuan.Eraikinen inguratzaile termikoa, beharrezko isolamendua jartzea edota galdara komunitarioak hobetzeko obrak aipatzen dira, besteak beste, energia iraunkortasuna hobetzeari begirako lanen artean.Hirugarren lerroa energia iturri berriztagarrien instalazioa jasotzen du, autokontsumorako energia proiektuak instalatzeko egindako lanentzako.Laguntzak arautzeko oinarriak Udalaren webgunean daude eskuragarri. Udal gobernuak nabarmendu duenez, «helburua herritarren eguneroko bizi kalitatea hobetzea eta etorkizunari begira herri iraunkorragoa uztea da».