13 JUIN 2025 - 07:00h Rakel Mateo triatleta paralinpikoak 50 urte bete ditu gaur Lan istripu baten ondorioz hanka bat galdu zuen Rakel Mateok. Kirolarekin lotura esturik ez bazuen ere, triatloian hasi eta jada hiru aldiz lehiatu du Olinpiar Jokoetan. Gaurko egunez 50 urte betetzen ditu. Mateo, duela hamar urte bizikletarekin, artxiboko irudia. (Luis Jauregialtzo | FOKU) GAUR8 Mungian jaio zen 1975eko ekainaren 13an Rakel Mateo. 2016an hartu zuen parte lehen aldiz Joko Paralinpikoetan Rio de Janeiron, eta Tokioko Jokoetatik igaro ostean, 2024ean eskuratu zuen hamargarren postua triatloiean. 2001. urtean lanean ari zela 100 kiloko karga erorita ezker hanka ezgaitua geratu zitzaion Mateori. 2010ean bizikletara igotzea erabaki zuen, eta eskuin hankarekin pedalkadak ematen hasi zenetik, oztopoak gainditu eta aurrera egin du, egun, paratriatloiko goi mailan lehiatzen du. Duela hamar urte GAUR8 astekarian elkarrizketa egin zioten, eta bere ametsa Olinpiar Jokoetara iristea zen: «Istripua izan aurretik nire bizitza ez zen normala. Betidanik izan ditut arazo pila bat eta kirolari esker bizitzak beste aukera bat eman dit. Orain zoriontsua naiz eta egungo bizimodua ez nuke ezerengatik aldatuko. Ea denak bere bidetik jarraitzen duen eta Joko Olinpikoetan izateko aukera dudan. Ikaragarria litzateke niretzat, hori dut amets». Eta hurrengo urtean bete zuen ametsa. Hiru aldiz izan da Espainiako paratriatloi-txapeldun eta bi aldiz izan da Europako domina-irabazle. Pasa den urtean, Parisko Joko Olinpikoetan Mungiakoa hamargarren izan zen, ordubete, 40 minutu eta 16 segundoko denborarekin, Hailey Danz estatubatuarrak markatutako markatik urrun (1:14:31).Bizkaitarrak hiru ziklo olinpiko egin ditu, eta bakoitzak bere ezaugarriak izan ditu; izan ere, 2016ko Rion makuluekin korrika egitetik Tokion, 2021ean, anputazio batera egokitu behar izatera pasa zen. Parisen, 2024an protesi berri batekin korrika egin ahal izan du.