21 JUIN 2025 - 00:00h Esku-hartze humanitarioa, konplize ez izatetik hasita Xabier Izaga Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea Israelen harako defentsa eskubidea argudio mengela baino lotsagarriagoa dela konturatuta, nonbait, EBko arduradunak Estatu sionistari nolabaiteko presioa egiteko neurriren bat hartzeko aukera haztatzeko eztabaida egin ote litekeen aztertzeko momentu egokiaren zain zirela, Israelek Iranen aurkako erasoa jo zuen eta alderantziz gertatu balitz bezalako erreakzioa eragin zuen mendebaldean. Nazioarteko legediaz kanpoko arma atomikoak dituen herrialdeak arma atomikoak lortu nahi dituen herrialdea bonbardatu du bere burua defendatzeko eskubidea duelako, G7koek asteon esan dutenez. NATO 1949an sortu zen Ekialdeko «arriskuari» aurre egiteko; sei urte geroago sortu zen Varsoviako Itunari, alegia. Ekialdeko arriskua desagertuta, Kavafisen poeman barbaroen zain zeuden haiei nola, hutsune existentzial ikaragarria sortu zitzaion aliantza militarrari, eta Jugoslaviako Errepublika Federalari esker ebatzi zuen bere krisia. 1999an, NBEren agindurik gabe, bere kiderik mehatxatzen ez zuen Estatu bati erasotzea izan zen NATOren lehen esku-hartze armatua, «arrazoi humanitarioengatik». Gizatasunagatik, beraz, NATOko 13 Estatuk Jugoslaviako Errepublika bonbardatu eta bi hilabete eta erdiko gerrari hasiera eman zioten. Serbia genozidioa egiten ari omen zen. Alemaniako Defentsa ministroak esan zuen serbiarrek moztutako buruekin futbolean jokatzen zutela, emakumeei fetuak kendu eta erre egiten zituztela... Hedabide nagusiek erruz zabaldu zuten «albiste» hura, eta hurrengo egunetan beste batzuk, hala nola biktimak Auschwitzekoak bezalako labeetan errausten zituztela, edo Kosovon garbiketa etnikoa egiteko plan bat zutela, “Potkova” izenekoa, zertan zen zehatz-mehatz azalduz. Humanitarioek irabazi zuten gerra, eta luze gabe albiste horiek guztiak gezurra zirela frogatu zen. Gezur bidezko benetako gerra, baina 2003an AEBek, Erresuma Batuak eta Espainiak, besteak beste, aurrekari hura baliatu zuten Irak inbaditzeko, herrialde hark suntsipen handiko armak zituela «idorotakoan». Gerra hari ere gezurrak eman zion bide; edonola ere, egia da Irakek arma kimikoak erabili zituela Golkoko Lehen Gerran (1980-1988) irandarren eta kurduen aurka; izan ere, bere aliatu AEBek eman zizkioten arma kimikoak produzitzeko materialak (eta aldi berean, Irani ere misilak saldu zizkioten eta salmenta haren mozkinekin Nikaraguako Gobernu sandinistaren aurkako “kontrak” finantzatu zituzten... Irangate auzia, akordatzen? Dena oso humanitarioa). Gezurra eta gerra osagai dituen gizatasun bitxi horren erakusgarri, 1990ean, Irakek Kuwait inbaditu zuenean, Golkoko Bigarren Gerra pizteko erabakigarria izan zen «erizain» baten «lekukotza hunkigarria». AEBetako Kongresuan kontatu zuenez, Kuwaiteko ospitaleetan inkubagailuak deskonektatzen eta haurrak hiltzen uzten ikusi zituen irakiar okupatzaileak. Neska hura ez zen inoiz Kuwaiten bizi izan, hango enbaxadorearen alaba zen. Harreman publikoetako agentzia batek prestatu zuen kongresuko antzezpena. Esku-hartze humanitarioak, justiziak bezala, ez du gezurren beharrik. Israelen genozidioa, suntsipen handiko armak eta haur hilketak lazgarriki egiazkoak dira. Beharbada gehiegi eskatzea da, ordea, nazioarteko komunitateak esku hartzeko ez, baina hain justu kontrakoa, Ekialde Ertaina odoletan itotzen ari den hondamendiaren konplize izateari uzteko. •