21 JUIN 2025 - 00:00h Irigarai sendiak mimoz gordetako dokumentu historikoa (IMANOL IRIGARAI. IRIGARAI SENDIAREN FUNTSA.) Juantxo EGAÑA Batzuetan, familiako artxiboek denboraren poderioz dokumentu historiko bihurtzen diren argazkiak gordetzen dituzte, bai erretratatutako pertsonengatik, bai egin ziren testuinguruagatik. Hori da Irigarai familiaren artxiboan 60 urte baino gehiagoz iraun duen irudi honen kasua. 1964ko azaroan egina, oso antzeko argazki-sail baten parte da, eta argazki horietako bat «Enbata» aldizkariko azala izan zen garai hartan, frantziar Estatuko barne-ministroak argazkian agertzen diren lau errefuxiatuak Ipar Euskal Herritik kanporatzea agindu baitzuen. Egun horretan, Eneko Irigaraik eta Miren Josebe Pozne Alduntzinek osatutako familia Maialen alabaren bataioa ospatzen ari zen Biarritzeko San Martin parrokian. Ondorengo bazkaria Biarritzen egin zen, beraien etxean, lagun hurbilak lagun zituela, tartean Ipar Euskal Herriko errefuxiatu batzuk, baina baita errefuxiatuak ez zirenak ere, Jacques Abeberry edo Mixel Labegerie, esaterako. Eneko Irigarairen anaia Imanolek egindako argazkian, Julen Madariaga, Eneko Irigarai, Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» eta Jose Maria Benito del Valle agertzen dira, une hartan Ipar Euskal Herrian errefuxiatuak.