24 JUIN 2025 - 13:27h Energia eredu autosufiziente baterako gogoeta hasiko dute Bakion, hitzaldi batekin Energia eredu jasangarri eta autosufiziente batera heltzeko bideak marrazteko, herritarren parte hartzea ardatz izango duen prozesua abiatu du Bakioko Udalak, eta abiapuntu gisa bi aditu gonbidatu dituzte egoeraren argazki bat eman eta dauden aukerak azaltzeko. Egungo egoera energetikoa eta dauden ereduak aztertuko dituzte bi adituk. (Jagoba Manterola) GAUR8 Bakioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) lantzeko prozesuaren barruan, «eredu energetiko jasangarri eta autosufiziente baterantz pausoak emateko beharra» nabarmendu da. Behar horri erantzunez, energiaren inguruko hausnarketa prozesu bat zabaldu du udal Gobernuak, eta ostegunerako (ekainak 26) antolatutako hitzaldia izango da abiapuntua. Energia berriztagarrien eta berezko baliabideen erabilera izango da «etorkizunerako oinarria», azaldu du Udalak ohar batean, eta erantsi du «mundu mailako klima-larrialdia eta krisi energetikoak agerian utzi» dutela «bestelako eredu batzuetara trantsizioa egiteko beharrizana».Norabide horretan planteatzen dute gogoeta prozesua burutzeko lehen hitzordu hau energiaren gaian «erreferenteak» diren aditu birekin: Juan Requejo eta Joan Herrera.Egungo egoera energetikoaren argazkia eskainiko dute adituek. Izan ere, Udalak azpimarratu du lehen pausoak emateko garrantzitsua dela «informatzea eta testuingurua ulertzea».«Requejo ekonomialaria eta planifikazio aholkularia da, eta 35 urteko ibilbidea dauka administrazio publikoentzat zein nazioarteko erakundeentzat lanean, besteak beste energia, ingurumen eta lurralde antolaketako estrategiak garatzen. Horien artean, Bakion ere aholkulari lana egin izan du sarritan», zehaztu dute udal iturriek.Herrera energia arloan espezializatutako legelaria, irakaslea eta politikaria da. «Energia Dibertsifikazioaren aldeko Institutuko (IDAE) zuzendaria izan zen katalana, eta Energia del Prat komunitate energetikoa sustatzen ibili zen bere hirian», azaldu dutenez.Ekitaldia Ana Urrutiak aurkeztu eta dinamizatuko du, eta Amets Jauregizar alkatearen parte hartzea ere izango du, Bakiok hasi nahi duen prozesuaren lehen pausoak azaltzeko. Herritarrek, halaber, aukera izango dute galderak eta ekarpenak egiteko.Bakean izango da hitzordua, 18.30ean hasita. Euria bada Txakolindegian egingo dute berbaldia.