24 JUIN 2025 - 09:10h Hiru urte bete dira Melillako sarraskia gertatu zenetik Melillako sarraskia 2022ko ekainaren 24an gertatu zen. Saharaz hegoaldeko Afrikako dozenaka migratzaileren heriotza eragin zuen. Marokoko jendarmeriak eragin zuen, Guardia Zibil espainiarraren laguntzarekin, 500 eta 2.000 pertsona artean Espainia eta Maroko arteko muga zeharkatzen saiatu ondotik. Melillako sarraskian 40 migratzaile hil ziren giza eskubideen aldeko erakundeen arabera. (WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 Hiru urte bete dira Melillako sarraskia gertatu zenetik. Biktima kopuruaren inguruan eztabaida egon zen. Marokoko iturri ofizialen arabera, 23 migratzaile eta bi jendarme hil eta 76 migratzaile eta 140 jendarme zauritu ziren. Giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeek, ordea, hildako migratzaileen kopurua 40ra igo zuten, eta neurriz kanpoko polizia-ekintzaren aurkako ikerketak eskatu zituzten erakunde desberdinetan.Egun osoan gertaeren berri zabaldu ez zen arren, bideoak eta argazkiak sare sozialetan agertu ziren. Horietan hainbat migratzaile lurrean konortea galduta ageri ziren, odola zeriela eta pilatuta; irudiok hedabideetan jaso eta nazioartean ere berehala zabaldu ziren. Espainiar presidenteak, Pedro Sanchezek (PSOE), segurtasun-indarren mugako jokabidea justifikatu zuen, honakoa adieraziz: «Aitortu behar da Marokoko Gobernuak, Espainiako Estatuko segurtasun-indar eta erkidegoekin koordinatuta, lan bikaina egin duela, bi segurtasun-indarrek eraso bortitz bat oso ondo geldiarazi dute». Gainera, esan zuen aitortu eta eskertu beharrekoa dela «bazkide estrategiko batekin, Marokorekin, harremanak izatearen garrantzia». Gertaerak kate luzea ekarri zuen hurrengo aste eta hilabeteetan.