28 JUIN 2025 - 00:00h 50 urtez haurrentzako euskarazko aisialdia posible dela erakusten Mende erdia bete dute Euskal Udalekuetako Abaigarreko eta Bernedoko etxeek. Hasieratik haurrentzako aisialdia udan ere euskaraz eskaintzea izan dute helburu. Langileen lana beti boluntarioa da eta, hainbeste urtetako historiarekin, behinola haur zirenak guraso edo begirale dira gaur egun. 50. urteurrena ospatzeko udaldiaren hasieran Bernedoko etxean egindako jaialdia. (EUSKAL UDALEKUAK) Alaia Sierra Udan, euskal kultura eta naturaren aldeko baloreak ardatz, euskaraz eskainitako haurrentzako aisialdia posible da Euskal Udalekuei esker. Duela 50 urte baino gehiago hasi ziren, Abaigarren 2024an bete zutelako mende erdia eta aurten Bernedon igaro dutelako muga hori. Goñin, Nafarroan, beste etxe bat daukate. Mikelsa Etxebarria Bernedoko militante eta Euskal Udalekuetako komunikazio ardurako kideak GAUR8ri azaldu dionez, proiektu autogestionatua dugu hau, «gaur egungo aisialdiari buelta eman» nahi diona, euskarazko aisialdi alternatibo bat eskaintzeko, eta 7 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutakoa. Izaera autogestionatu horrekin batera, jolas edo gozamen hutsean oinarritzen ez diren udalekuak dira, Etxebarriaren esanetan. Izan ere, «balore jakin batzuk transmititzeko eta politika egiteko beste era bat» dira, betiere euskara, natura eta Euskal Herriko kultura ardatz hartuta. Euskal Udalekuen ezaugarri nagusietako beste bat lan boluntarioa da, urte osoan zehar egindakoa. Uda sasoian haurrekin hamaika txanda egin ohi dituzte Bernedon, Abaigarren eta Goñin. Ikasturtea hasten denean, aldiz, etxeak konpontzen dituztela eta bulego lana egiten dutela azaldu du Mikelsa Etxebarriak. Udaldietan, beraien lana dela-eta lagundu ezin dutenek, bestalde, «beste era batera eskaintzen dute laguntza, propaganda egiten edo kartelgintzan; udaldietan guk egin ezin ditugun gauzak egiten, alegia». Txandak, gehienetan, 15 egunekoak izaten dira eta bakoitzean 60 eta 100 haur bitarte elkartzen dira. Egun tematikoak egiten dituzte; pertsonaia historikoei buruzkoak, esate baterako. Horrela, bide batez, haurren jarrerei buruz hausnarketa egiten dute, errespetuan oinarritutako baloreak transmitituz. «Guretzat haien iritzia garrantzitsua da», dio Etxebarriak haurrei buruz. Hori dela eta, eguna igerilekuan, jolasean eta ikasten pasatu ondoren, afaldu eta gaubeila eta asanblada egiten dute haiekin. Asanbladan, haurrei haien emozioak partekatzeko aukera ematen zaie, begiraleek «ahotsak entzun» ditzaten, «hurrengoetarako kontuan hartzeko». «Hori guztia gure artean kudeatzen saiatzen gara», baina ez dakitenean nola egin, hezkuntzako adituengana jotzen dute. Mikelsa Etxebarriak azaldu duenez, udalekuetan aritzen direnen ezagunen artean boluntario berriak bilatzen dituzte, bai eta haientzako formakuntzaren bat emateko prest dauden pertsonak ere, kasu askotan «espazio akademikoagoetan». Sare bat Horrela, «lagunen eta ezagunen arteko sare baten bidez», hain zuzen, sortu zen Euskal Udalekuen egitasmoa duela 50 urte. Hala azaldu du Aitor Zubizarretak, sorreratik Euskal Udalekuetan ibilitakoak. Ikastolen mugimenduarekin batera sortu zen udarako eskaintza hau, euskaraz zekiten haurrak udan zaintzeko aukera bat izateko, batetik, eta haiek aisialdirako euskarazko aukera bat izan zezaten, bestetik. Zubizarretak dioenez, uda heltzen zenean urtean zehar ikastoletan egindako aurrerapena galtzeko aukeraren aurrean sortu ziren. Hasieran, hainbat adinatako haurrak txanda berean elkartzen zituzten, baina neskak eta mutilak banatuta egoten ziren. Beireko etxea Lehen Hezkuntzako haurrentzat lortu baino lehen, Azazeta eta Barrian pasatu zituzten udak. Nagusiagoak zirenak Erriberri ondoko etxe batera eramaten zituzten, eta garai bateko OHOko (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra) 7. eta 8. mailakoak eta 16 urte artekoak Abaigarren egoten ziren. Hamarkada hauetan zehar Euskal Udalekuetan parte hartu dutenak elkartzeko balio izan zuen ospakizunak. (EUSKAL UDALEKUAK) Etxeak lortzea eta egokitzea beste erronka bat zen, lan hura ere boluntarioa izan zelako. Aitor Zubizarretak gogoratu duenez, ikastolen mugimenduak elizaren babesa zuen eta etxe batzuk apaizgaitegiak izandakoak ziren; Saturraranen izan zuten horietako bat, kasu. Besteak, orain erabiltzen direnak barne, eskatutakoak eta utzitakoak dira. Bernedokoa herriko eskola izandakoa da, gaur egun egokituta dagoen arren, eta Goñikoa, aldiz, urtero atontzen joan ziren baserri handi bat da. Abaigarrekoa, bestalde, Beireren jarraipena egiteko hartu zuten, baina azken hamar urteotan berrikuntza handia izan du. «Azpimarratzeko» aldaketa handi bat nabaritu du Aitor Zubizarretak 50 urte hauetan atzera begiratuta. Hasieran euskaraz zekiten pertsonak, beraien ogibidea edozein zela, aritzen ziren begirale gisa, baina gaur egun «izugarrizko formakuntza» duten boluntarioak elkartzen dira. Horri esker, planteamendu pedagogikoan ere aldaketak egon dira. Gainera, parte hartzen dutenak beraien opor garaian udalekuetan aritzeko prest dauden pertsonak direla nabarmendu du Zubizarretak. Horietako batzuk ‘miloak’ izenekoak dira. ‘Mil oficios’ (mila lanbide) gaztelerazko esamoldetik dator izena, sukaldean, garbiketan edo behar den tokian laguntzeko prest egoten direlako. Belaunaldien arteko erreleboa Hainbeste urtetako historiak pasadizoak eta istorio politak dakartza berarekin. Aitor Zubizarretak azaldu duenez, behinola haurrak izandako asko geroago, nagusitzerakoan, begirale ibili dira. Are gehiago, hasierako txanda haietan ibilitako haur batzuk udalekuetatik igaro diren haurren gurasoak dira. Belaunaldi askotako historiari esker, haur eta begirale asko ezagutu ditu Zubizarretak. «Horrek atentzioa eman dit beti», adierazi du Euskal Udalekuetako kide honek: udan ez ezik, urte osoan zehar eta, kasu askotan, urteetan zehar ere mantendu diren harreman asko sortu dira udalekuetan. Urte osoko lana Uda hasi berri da, baina irailetik lanean aritu dira Euskal Udalekuetako kideak. Hain zuzen ere, Mikelsa Etxebarriak azaldu digunez, udaldiko lehenengo egunean «dena eginda egoteko» materiala prestatu behar izan dute eta etxeen mantentze-lana egin, besteak beste. Horrekin batera, formakuntzarako asteburuak ere izan dituzte, udako balorazioa egiteko, proposamenak aurkezteko eta hausnarketa egiteko, eta ondoren, produkzio fasean sartu ziren. Aurtengo prestaketa berezia izan da. Izan ere, urteurrena dela eta, udari hasiera emateko, jaia egin zuten Bernedon ekainaren 14an, «memoriatik, gozamenetik, euskaratik eta feminismotik» egitasmoa ospatzeko eta, bide batez, urteotan guztiotan udalekuetatik pasatu diren militanteak elkartzeko. Beraz, urtero-urtero euskaraz ondo pasatzeko aukera bat izateko helburuarekin jaiotako proiektuak bilakaera nabarmena izan du. Etxebarriaren hitzetan, «alde batetik, eginkizun bera betetzen du, baina gaur egun, egoera soziala bera aldatu denez, feminismotik edo naturarekin dugun harremanaren inguruan» jarduten dira.