06 JUIL. 2025 - 06:00h Duela mende bat jaio zen Bill Haley, rock and rollaren sortzaileetako bat Mendea bete da Bill Haley musikari estatubatuarra jaio zenetik. Rock and rollaren sortzaileetako bat izateagatik da ezaguna eta gaurko egunez jaio zen, Michiganen. Bill Haley, irudiaren erdian. (WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 100 urte bete dira gaur Bill Haley jaio zenetik. William John Clifton Haley, Bill Haley izenaz ezaguna egin zena, Michiganen jaio zen 1925eko uztailaren 6an. Musikaria zen eta rock and rollaren sortzaileetako bat izateagatik du ospea. Haleyren aita, William Albert Haley, Kentuckykoa zen sortzez, eta bajoa eta mandolina jotzen zituen. Bere amak, aldiz, Maude Green ingelesak, teklatuan laguntzen zuen Haley gaztea, pieza klasikoak jotzen ikasi baitzuen. 1938an jo zuen lehen aldiz publikoaren aurrean, hau da, 13 urte zituela. Bethel Junior Baseballen entretenimendu ikuskizun batean jo zuen gitarra. 1950ean Bill Haley & His Comets taldea sortu zuen. Hain zuzen ere, rock and rolla jotzen zuten, horregatik daukate adituek genero horren aitatzat. ‘Rock Around the Clock’, ‘See You Later, Alligator’, ‘Shake, Rattle and Roll’, ‘Rocket 88’, ‘Skinny Minnie’ edota ‘Razzle Dazzle’ bezalako abestiei esker, 25 milioi disko baino gehiago saldu zituen mundu osoan zehar. Gazteleraz ere hainbat disko grabatu zituen Mexikon eman zuen denboraldian. Musikaren alorrean egindako ekarpena aitortzeko, International Astronomical Unionek bere izena eman zion asteroide bati, ‘79896 Billhaley’, 2006ko otsailean, hain zuzen ere, hil zenetik 25 urte bete zirenean. Halaber, ‘Rock Around the Clock’ pelikula egin zuten 1956an.