GAUR8

Urrezko malkoak


Urrezko malkoak egunero isuriko nituzke hidratazio arazoen kezkagatik segundo bakar bat ere galdu gabe.

Aurrera egin aurretik, abisua: haurrak dituztenei ez diet ezer berririk esango, baina esan egin nahi dut. Ederra izan da haurrak izatea, eta berdin zait gizarte antolaketa interesatu honek horretara bultzatu banau; bi haurren guraso naiz, haurrak ekartzeko unea zela erabaki genuen buelta eta buelta asko eman ondoren (ezer berririk ez beste teilapeekiko), eta ez dut inolako damurik. Ez dut damurik jaso dudanak eta jasotzen ari naizenak ez duelako ez preziorik ez mugarik, hazi eta hazi baino ez delako egiten, beraiek bezalaxe. Hazteko, hezteko eta zaintzeko emate-ariketetan sufritutako madarikazio guztiek merezi dute, ez dut zalantza izpirik ere. Eta ‘sufritu’ diot, ezin delako bestela izan maitasuna erraietaraino sartua duzunean, zeure odolaren parte bilakatu denean haurra izatea erabaki zenuen une beretik. Ni naizenaren parte dira hasieratik, ondoren sendagileak gorputzaren bizitzeko zilbor-hestea eten zuen arren, eta, jada helduak izanik gogoaren askatzeko bigarren katea eten dutenean, nire parte nuklearra dira oraino, Laboaren hitzek margotu bezalaxe.

Idazten ari naizen hitz hauek dantzan hasi naiz ikusten, putzuan orain malko dirdiratsuen olatu gainean blai, eta ez naiz lotsetan sentitzen; aitzitik, urrezko malkoetan beteta naiz sentitzen. Une berean alboan dudan mugikorretik sartu zaidan alabaren mezuak eragindako irribarreak areagotu egin dizkit urrezko malkoak eta azalaren perimetro osoa elektrifikatu. Nago gauzarik ederrenetakoa seme-alabek arazoren bategatik erreklamatzen zaituztenean besarkadan lotzea dela, emozio partekatuek bultzata konpartitutako urrezko malkoetan blai.

Pauso bakoitza erronka da maite duzunarekin, baina bereziki hauskorrak gara haurrak eta bikotekidea maitatzen hasten garen une beretik. •