GAUR8

45 urte Angel Etxaniz ondarroarra hil zuen BVEren atentatutik

Gaurko egunez hil zuen Batallon Vasco Español ultraeskuineko erakundeak Angel Etxaniz ondarroarra. Herrigintzan ezaguna, 34 dantzalekuan lanean zegoela tiroz josi zuten. Urte batzuk lehenago, atxilotua eta torturatua izan zen, eta bere negozioak Triple A taldearen erasoa ere izan zuen.

Angel Etxanizoroitzen duen plaka Ondarroan. (WIKIPEDIA)

1980eko abuztuaren 30ean Batallon Vasco Español (BVE) erakunde ultraeskuindarrak Angel Etxaniz ondarrutarra hil zuen herriko ‘34’ dantzalekuan. Atentatuan, beste herritar bi zauritu zituzten, Francisca Urresti dantzalekuko langilea eta Noelia Olabarria, Etxanizen lehengusina.

Angel Etxaniz ezaguna zen Ondarroan, herrigintzan aritu izanagatik, kirol arloan bereziki, herrian kirolzaletasuna bultzatzen, eta militante gisa zuen ibilbideagatik. Herri Batasuneko militantea zen hil zutenean. Aritua zen aurretik Amnistiaren Aldeko Batzordeetan eta KASen.

Atentatu horren aurretik beste zenbait eraso pairatu zituen Etxanizek bere ideologia politikoarekin lotuta. Atxilotuta egon zen 1964an eta 1968an. Handik urte batzuetara, 1976an, torturatua izan zen Donostiako poliziaren kuartelean, eta urte horretan bertan, Triple A erakunde ultraeskuindarrak aldarrikatutako eraso bat izan zuen bere dantzalekuak.

Wikipediak jaso duenez, abuztuaren 30 hartan, gizonezko bat sartu zen dantzalekura. Angel Etxaniz eta Noelia Olabarria barran zeuden lanean. Gizon hark edaria eskatu, kalera irten eta beste gizonezko batekin sartu zen. Batek aurpegia erakusten zuen, pistola zeraman eskuan eta leihatilan lanean zegoen Francisca Urresti apuntatzen ari zen.

Zuzenean Angelengana

Bigarren gizonak estalita zuen aurpegia eta metraileta bat zeraman. Zuzenean joan zen Angelengana eta tiroka hasi zen, Etxaniz bertan hilez. Olabarria eta Urresti larri zaurituta eraman zituzten ospitalera.

Amaia Bedialauneta Etxanizen emazteak etxetik entzun zituen tiroak. Berak kontatuko zuenez, UCDk eta beste alderdi politiko batzuek manifestazio ‘antiterrorista’ bat deitu eta hurrengo egunera izan zen Angel Etxanizen aurkako atentatua.

Bedialaunetak berak horrela oroitu zituen une haiek: «Kargadorea hustu zioten. Korrika jaitsi nintzen umeak lo utzita, baina ordurako hilda zegoen. Gorpua etxera igotzea erabaki nuen. Guardia Zibila agertu zen esanez lokala ikusi nahi zutela, ea kaskilloak aurkitzen zituzten».