GAUR8

Adinekoak jaietako jardueretara gerturatzen laguntzeko zerbitzua antolatu du Galdakaoko Udalak

Adineko lagunak herriko jaietako ekitaldietara gertura daitezen laguntza zerbitzu bat emango du Udalak, «herritar guztiek jaiez segurtasunez gozatzeko aukera izan dezaten». Zerbitzua jasotzeko, izena emateko epea zabaldu dute hilaren 9ra arte.

Galdakao jaietan, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Galdakaoko Udalak herriko adineko pertsonei Santakurtzetako jaietako jardueretan parte hartzen laguntzeko zerbitzua antolatu du, «herritar guztiek jaiez segurtasunez eta berdintasunez gozatzeko aukera izan dezaten, inolako oztoporik gabe».

Adineko lagunak ekitaldietara gerturatzea da helburua. Ekimenak bi edizio izan ditu, eta izan duen arrakastaren aurrean, berriz abian jartzea erabaki duela azaldu dute udal iturriek.

«Zerbitzua bakarkako laguntza pertsonalizatua da, eta Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) erabiltzaileei zuzenduta dago», zehaztu dute ohar batean.

Funtzionamenduaren inguruan, zehaztu dute etxez etxeko zerbitzuko laguntzaile batek bere etxetik programatutako jarduera ospatzen den lekura eramango duela erabiltzailea, eta «beharrezkoa bada bertan egongo da jarduerak irauten duen bitartean». Amaitutakoan, etxera itzultzen lagunduko du.

Jaiak gertutasunez bizitzeko aukera eskaintzeaz gain ongizate emozionalaren eta harreman sozialen aldetik jaietan parte hartzea duen izaera onuragarria nabarmendu dute. 

Laguntza zerbitzu honen barruan dauden jardueren artean, besteak beste, jaietako lehenengo kalejira eta pregoia daude, baita bertso jaialdia, Galdakaoko Pentsiodunen Plataformak antolatzen duen igel txapelketa edota adinekoen jaia eta herri bazkaria ere.

Laguntza zerbitzua eskatzeko izena eman behar da. Gaur hasi da epea eta irailaren 9ra arte hartuko dira eskaerak. 944 804 078 telefono zenbakira deituta eman ahal da izena.