09 SEPT. 2025 - 14:11h Aiaraldeko Emakumezkoen Lehen Futbol Txapelketa ospatuko dute irailaren 20an Aiarako Kuadrillak emakumezkoen futbol txapelketa antolatu du hilaren 20rako. Hiru taldeko haur eta kadete kategorietako jokalariak daude deituta: Altzarrate, Hauskaitz eta Aurrera de Vitoriakoak. Nabarmendu dute ekimenak emakumeen kirola ikusaraztea duela helburu. Irailaren 20an Aiaraldeko I. Nesken Futbol Txapelketa jokatuko da. (AIARAKO KUADRILLA) GAUR8 Aiarako Kuadrillak eskualdeko Emakumezkoen Lehen Futbol Txapelketa antolatu du Laudioko Emakumezkoen Altzarrate Kirol Elkartearen laguntzarekin. Txapelketa irailaren 20an izango da Laudioko Altzarrate zelaian. Goizeko 10.00etan emango zaio hasiera, eta lehenengo edizio honetan hiru talde arabarrek hartuko dute parte: Altzarrate KE, Hauskaitz CF eta Aurrera de Vitoria CD. Haur eta kadete kategorietako jokalari arabarrek jokatuko dute torneoa.Kuadrillak zehaztu du prentsa har batean txapelketa triangeluarra izango dela. «Horri esker talde guztiek elkarren aurka jokatu ahal izango dute, giro osasuntsua, adiskidetsua eta jokalarien arteko ikaskuntzan oinarritutakoa sortuz».«Aiaraldeko Emakumezkoen Futbol Txapelketa honekin beste urrats bat eman nahi dugu kirolean berdintasunarekin dugun konpromisoan. Helburua da gure eskualdeko kirolari gazteen talentua, dedikazioa eta ahalegina ikusaraztea eta balioestea, aldi berean, bizikidetzarako, adiskidetasunerako eta elkarrekiko ikaskuntzarako espazio bat sortzea», adierazi du Laura Fernandez Fernandez Kuadrillako Kultura, Berdintasun eta Gizarte Ongizate batzordeko presidenteak.Futbol kluben parte hartzea eskertu dute Kuadrillako arduradunek. Nabarmendu dutenez, txapelketa honen helburua ez da soilik emakumeen kirola ikusaraztea eta balioestea, baizik eta parte hartzen duten udalerrien arteko harremanak estutzea eta kirolean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko konpromisoa indartzea». Hori dela eta, dei berezia egin diete herritarrei bertara daitezen eskualdeko kirolariei babesa adieraztera.