10 SEPT. 2025 - 12:59h Eskoriatza Errekan Gora kultur ekimenaz blaitzeko prest, ostiralean hasi eta igandera arte Errekan Gora kultur jaialdiak musika estilo ezberdinetako bandak bilduko ditu ostiraletik igandera, iraileko iluntze eta gauei erritmo ezberdinak emanez. Aurtengoa 16. edizioa da, eta dena prest dago, zortzi proposamen ezberdin plazaratzeko. Errekan Gora jaialdiaren aurrreko edizio bat, irudian. (ATXORROTZ KULTUR ELKARTEA) GAUR8 Atxorrotz kultur elkarteak antolatuta, 16. edizioa du aurten Errekan Gora herria biziberritu eta kultur eskaintzari begirada anitzago bat eman nahi dion kultur ekimenak.Old Time Spooks, Ezpalak, Sukena, Otxandixotik-Eskoitzara, Moonshakers, Travellin Brothers, Nhil eta Niña Coyote eta Chico Tornado musika bandak daude aurtengo kartelean.2008an sortua, Eskoriatzako kultur eskaintzari ekarpen bat egin eta «begirada anitzago batetik» egitea helburu izan duen hitzordua da Errekan Gora. Iraileko gauek gordetzen duten udaren epeltasuna baliatuta eta jaialdiek eskaintzen duten xarmaz baliatuta, herriko kaleak girotzea ekimenaren xedeetako bat ere bada. «Uda garaian, eguraldi ona eta aisialdia medio, herritarrak herrian eta herriaz disfrutatzeko aukera ematea» izan da helburuetako bat.Horren ondoan, gainera, zirkuitu komertzialetan sartuta ez dauden talde eta proposamenei eta herriko sortzaileei leku egiten dien jaialdia da Errekan Gora. Aipatutako helburuez gain euskararen presentzia lehenestea ardatz izan duen proposamenak estilo anitzetako bandak eta ikuskizunak eraman ditu Eskoriatzara, Esne Beltza, Glaukoma edota Petti eta Anje Duhalde kasu, besteak beste. Old Time Spooks taldeak zabalduko du programazioa ostiralean, 19.30ean, Inkernu tabernaren kanpoaldean.