10 SEPT. 2025 - 08:13h Gaur hamar urte hil zen Alberto Schommer argazkilari gasteiztarra 2015eko irailaren 10ean, gaur hamar urte, zendu zen Alberto Schommer Garcia argazkilari gasteiztarra, Alberto Schommer Koch argazkilariaren semea. Margolaria ere izan zen eta Alemanian eta Parisen ikasi zuen argazkilaritza. Guztira 30 liburutik gora argitaratu zituen. Schommer bere lanetako batzuekin Bilboko Arte Ederretako Museoan. (Jon HERNAEZ | FOKU) GAUR8 Gaurko egunez duela hamar urte hil zen Alberto Schommer Garcia Gasteizko argazkilaria, 2015eko irailaren 10ean. Alberto Schommer Koch argazkilariaren semea izanik, txikitatik hartu zuen diziplina artistiko honekiko interesa eta Alemanian ikasi zuen. Bere ibilbide profesionalean argazkigintza artistikoa jorratu zuen eta 1960ko hamarkadan Orain izenekoaren partaide izan zen, artea eta kultura herritarrei zabaltzea helburu zuen taldea abangoardia taldea. 1950eko hamarkadan hasi zen argazkilaritza ikasten Alemanian, Kolonian eta Hanburgon zehazki, eta 1960an Parisen ere bai. Hala ere, garai hartako margolariekin harreman estua mantendu zuen, arlo artistiko horretan ere aritu zelako. Batik bat erretratuak landu zituen eta 1975ean ‘Los retratos psicológicos’ liburua argitaratu zuen, diktadura frankistaren amaierako pertsonaien irudiez osatuta zegoena. Horren ostean ‘La Iglesia española en levitación’ ‘Grupos políticos’ eta ‘Desmontaje del Franquismo’ argazki bildumak ondu zituen. Guztira 30 liburu baino gehiago kaleratu zituen Schommerrek, tartean Euskal Herriko hiriburuei eta paisaiei eskainitako batzuk. Baina atzerria ere irudikatu zuen, New York, Erroma, Madril eta Habana hirietan, besteak beste.