GAUR8

Epaileak pedagogo

Irakasle gutxik jartzen dituzte ikasleak erdigunean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hala jarri zaizkigu bizi naizen espainiar estatuko bazter honetan, Katalunia aldean. Diadaren bezpera hautatu dute hilabete luzez espero zen ebazpena emateko: Kataluniako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du katalana irakas-hizkuntza gisa bermatzeko Generalitateak 2024an egindako dekretuaren zatirik handiena. AEB (Eskola Elebidunaren aldeko Asanblada) elkarte españolistaren errekurtsoa partzialki aintzat hartuta, katalana (eta aranera Vall d’Aranen) normalki irakas-hizkuntza gisa ezartzen zuten artikuluak bertan behera utzi ditu, baita eskolako jarduera administratiboan, familiekiko harremanetan, material didaktikoetan, ebaluazioetan zein etorri-berrien harreran. Zentroko Hizkuntza Proiektuak nola egin ezartzen zuen artikulua bera desegin du tradizio frankista ezaguneko botere juridiko-pedagogikoak.

Hain zuzen, epaitegi batek lurralde bateko hizkuntza politika ezartzeko ahalmena izatea da kritikaren erdigunean dagoen elementua. Kasualitatez, Euskal Herritik heldu berri zaidan informazio baten arabera, epaitegi berberak beste hezkuntza dekretu bat utzi zuen bertan behera uztailean, baina ez da kasu horretan halako harrabotsik sortu. Salaketa egin zuen Aspepc DBHko irakasleen sindikatuak berak joan den astera arte ez du komunikaturik egin “garaipenaren” berri emateko. Kasu horretan, botere juridiko-pedagogikoak eremuka lan egitearen aurka hartu du erabakia, metodologia horrek «irakaskuntza espezialitatearen printzipioa urratzen» duelako. Hau da, irakasleen “eskubideak” bermatzea izan da epai horren oinarria, gaztelera inposatzea ikasleen eskubideengatik egin den bezala.

Ikasgaiak eremu bihurtzeak kritika handiak eragiten ditu hezkuntza komunitatean, konpetentziek sortzen duten legez, nahiz eta zientzien didaktikan agerikoa den paradigma berriaren beharra. Kapitalismoak, maiz, ideia “progresistak” bereganatzen ditu, berauek garatzeko inongo asmorik gabe, haien izenean baliabideak murriztu eta langileon kaltetan sakontzeko. Hezkuntzan dinamika ezaguna da hori, eta nahiz eta arazoa paperak dioena gauzatzeko baliabide falta nabarmena izan, ezkerra, maiz, XX. mendeko hezkuntza aldarrikatzen ikusten dugu, haren azterketa, ikas prozesu memoristiko eta jakintza partzelatu guztiarekin. Are, eremuka lan egin nahi ez duten irakasleen azken argudioa izaten da orain arte bezala jarraitzea, batez ere, «baliabide gutxi duten ikasleen onerako» dela.

Nire esperientzian, baina, irakasle gutxik jartzen dituzte ikasleak erdigunean; belarria jartzen dutenak, sikiera, bakoitzaren beharrak artatzeko. Are gutxiago daude arratsaldeetan lan egiteko prest, eskolak elikatu dezan, arratsaldeak etxean bakarrik ematen dituztenei arreta emateaz gain. Alta, gure departamentuan, Aspepc sindikatuko irakaslearen esaldi izarra hau da: “Nosotros ya trabajamos en su dia, ahora les toca a los alumnos”. Bai, gazteleraz. Ikasleen eskubideak gauzatzeko gakoa horiek de facto erdigunean jartzea da, hitza eta erabakia izatea (imajinatu, gainazpikaturiko eskola), ziur asmatuko lukete eskoletan pedagogia egoki bat ezartzen, baita espainiar estatua bera lehertzen ere! •