20 SEPT. 2025 - 00:00h Haizea nora, zapiak hara Koldo Sagasti Giza eskubideen aldeko ekintzailea 2012an, Bartzelonan, Israelen aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren mugimenduaren nazioarteko bilkura antolatu zen, eta Hala Bedi irratiko beste lagun batek eta biok bertan parte hartu eta hainbat adituren testigantzak jasotzeko aukera izan genuen. Besteak beste, Mbuyiseni Ndlozi ekintzaile hegoafrikarra elkarrizketatu genuen. Ndlozik gertutik ezagutu zuen Apartheid erregimenaren bazterkeria-sistema, eta egun Israelgo kolonizazio-erregimenaren aurkako borrokalari nekaezina da. Garai hartan hasi berri samarra zen Israelen aurkako boikot-kanpainak Hego Afrikakoan zeukan erreferente nagusia; horregatik, galdetu genion, bere eskarmentuaren arabera, zerk eragin ote zuen hango Apartheid erregimenaren gainbehera, zer momentutatik aurrera jabetu ziren sistemaren kolapsoa atzeraezina zela. Data bat espero genuen, ekintza zehatz bat, baina ez, Ndlozik, oso seguru, zera erantzun zigun: «Modan jartzen hasi zen». Azken asteotan duela hilabete pentsaezinak ziratekeen adierazpenak entzun ditugu zenbait agintariren ahotan, lema-kolpe diskurtsibo zirraragarriak. Imanol Pradalesek iradoki zuen Euskadi Irratiko mikrofonoetan CAF konpainiak «gogoeta etikoa» egin beharko lukeela Jerusalemgo tranbiaren proiektuan duen partaidetza dela-eta. Handik gutxira, Eneko Anduezak, auzi berari jarraiki, Lehendakariaren hitzak berretsi, eta erantsi zuen CAFek «lezio etiko handi bat eman lezakeela» Israelgo proiektua utziko balu. Ez dira ustekabeko adierazpen bakarrak izan. Egun batzuk geroago Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak Israelgo saskibaloi taldeak kanporatzeko galdegin zion Euroligari. Zertara datoz norabide-aldaketa zorabiagarri horiek? Ez dut uste bat-batean argitasuna ikusiko zutenik, aitzitik, nago testuinguru mediatikoak eta iritzi korronte nagusiek eraman dituztela joko-taulan jarrera berri bat hartzera. Izango da zuzentasun politikoa alderdiz aldatzen ari dela. Eta Ndlozik zioen bezala, kausa bat modan jartzen denean, ez dago irabazi arteko gertaera-katea geldituko duenik. Batzuk konturatzeko mahai gainean 680.000 hildako jarri behar izan badira ere. •