25 SEPT. 2025 - 16:42h 1936ko gerrari eta diktadurari buruzko museo birtual bat sortuko du Bilbok Bilboko Udal Osoko Bilkurak memoria historikoa zabaltzeko urrats berriak diren bi ekimen adostu ditu aste honetan, alde batetik 1936ko gerrari eta diktadurari buruzko museo birtual bat sortzeko asmoa agertu du, eta bestetik, gerrako babeslekuen inbentarioa egingo du. Anartz Ormaza (Aranzadi), Zabalbide kaleko babeslekuen inguruko azterlanaren aurkezpenean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) GAUR8 Bilboko Udalak 1936ko gerrako babeslekuen inbentarioa egingo du, eta egoera onean dagoen horietako bat bisitak egiteko egokitzeko asmoa agertu du. Izan ere, gerra eta diktadurari buruzko museo birtual bat sortuko duela iragarri du, gaiari buruzko azterlan garrantzitsuak egiteko aukera emango duena.EAJk eta PSEk osatzen duten udal gobernuak EH Bildurekin adostu ditu ekimenok aste honetako osoko bilkuran, Zabalbideko babeslekua egokitzea eta memoria historikoaren interpretazio zentro bat sortzea eskatzen zuen mozioaren aurrean. Talde guztien babesa jaso du proiektuak, PPrena izan ezik.Garazi Perea EH Bilduko zinegotzia pozik agertu da lortutako akordioarekin, «Bilboko memoria historikoa berreskuratzeko bidean aurrera egitea dakarrelako, eta hori funtsezkoa da Bilbo antifaxista aldarrikatzeko».Nabarmendu du Pereak Bilbo «erresistentzia antifaxistaren gunea» izan zela eta «Euskal Herriko hiribururik bonbardatuena». «Lehenengoa 1936ko abuztuaren 9an izan bazen ere, hurrengo urteko martxoaren 31n Bizkaiko Kanpaina hasi zen» Mola jenerala buru zela, eta, matxinatutako indarrentzat, Bilbo eta bertako biztanleak gerra helburu bihurtu ziren», adierazi du. Gogoratu duenez, datu ofizialen arabera, bonbardaketek 250-350 hildako eta 800 zauritu inguru eragin zituzten. «162.000 biztanle baino ez dituen hiri batean, 269 babesleku egokitu zituzten 11 hilabetean, bonbardaketetatik babesteko», zehaztu du. Bilbok zuen izaera estrategikoaAzpimarratu duenez, «beharrezkoa» da gogoratzea Bilbo «estrategikoa» izan zela, «ez bakarrik lehenengo Eusko Jaurlaritzaren egoitza zelako, baizik eta alderdi errepublikarreko industria eta meatze polo garrantzitsuenetako bat zelako eta Santander eta Asturias probintzietako defentsen oinarri zen puntu neuralgiko bat zelako».«Bilbo erori eta tropa frankistek hiria hartu izanak de facto iparraldeko frontearen erorketa ekarri zuen, eta ondorio militarrak ez ezik, politikoak eta sozialak ere izan zituen. Era berean, erregresio demokratikoak eskubideak eta askatasunak ezabatzea eragin zuen», oroitu du koalizio subiranistako ordezkariak.Perearen ustez, «albiste ona da 2027an Bilbo erori zenetik 90 urte betetzen direnean, akordio horiek lortzea, memoria historikoaren garrantzia nabarmentzeko eta balio demokratikoei buruzko hausnarketa sustatzeko, Bilbok Gerra Zibilean eta erresistentzian izan zuen zeregina aintzatesten lagunduz eta, aldi berean, memoria kolektiborako gune bihurtuz».Zabalbideko babeslekuaren kasuan, informazio-panel bat jarri da, eta Kultura eta Gobernantzako zinegotziak azaldu du saiatu direla «espazio hori testuinguruan kokatzen, kanpotik ez baitzen ikusten babesleku bat zenik, eta memoria historikoaren eta demokratikoaren parametroen arabera adierazi nahi izan da». «Bisitagarria izatea gustatuko litzaiguke, baina teknikoki aztertu genuen, eta espazioak ez ditu baldintzak betetzen», adierazi du.Ekimenaren harira, Xabier Jimenez Elkarrekin Bilboko zinegotziak baloratu du «garrantzitsua» dela honelako espazioak mantentzea. «Biztanleria zibila horrelako babeslekuetan bizi zen, gerrak hasten direnean erruduna ez den jendea, baina gerrak bere gordintasun osoan sufritzen zituzten eta sufritzen dituzte. Eta garrantzitsua da hori esperientzia fisiko batean transmititu ahal izatea, espazio fisikoak garrantzi handia baitu», berretsi du.