02 OCT. 2025 - 14:36h Maddalen Iriarte, zaintza sistemaren inguruan NAIZ Irratian Gipuzkoako politika orokorreko eztabaidaren harira NAIZ Irratian egindako elkarrizketan, EH Bilduko bozeramaileak defendatu du zaintza sistemak «publikoa», «unibertsala» eta «komunitateak dituen beharren araberakoa» izan behar duela. Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo. GAUR8 Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea NAIZ Irratian izan da gaur goizean Gipuzkoako politika orokorreko eztabaida aztertzeko. Aurrekontuen negoziazioaz, alderdi desberdinen artean akordioetara iristeko aukerez –eta EAJek PPren alde egindako apostuaz– edota Israel Palestinan egiten ari den genozidioaz hitz egin du Iriartek, CAF enpresa gipuzkoarra begirada guztien erdigunean kokatu den honetan. Baina jendarteari oso hurbiletik eragiten dion gai bat ere izan du hizpide Iriartek, zaintzarena. Bozeramaileak adierazi du Aldundiko arduradunek galdera gako nagusiei erantzun gabe jarraitzen dutela, eta erantzun horiek ez badira egokiak, nekez lortuko dela zaintza sistema behar bezala eraldatzea. «Pleno horretan bertan galdera batzuk egin nizkion diputatu nagusia den Eider Mendozari: kenduko dugu zaintza probatizatzeko bidea ekuaziotik? Emango ditugu urratsak jakinda zaintza Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eskubide bat dela? Kopagoan emango ditugu urratsak ahalik eta jende gehienak ahalik eta gutxien ordaindu dezan? Zaintza etxez etxekoa izango bada, hor dauden langileek izango dituzte lan baldintza duinak? Edo lan baldintza horiek era lausoan begiratuko ditugu?», gogoratu du Maddalen Iriartek. «Askotan hitz egiten dugu zaintza sistema eraldatzeaz, zaintza sistema komunitarioaz... eta badaukat errezeloa askotan esaten diren kontzeptu horiek errepikatzearen errepikatzeaz esanahiz hustu egiten direla. Zaintzak izan behar du publikoa, zaintzak izan behar du unibertsala, zaintzak izan behar du komunitateak dituen beharren araberakoa. Baina komunitario hitzak ezin du aitzakia izan administrazioak zaintza horiek era egokian ez emateko. Uste dut hor terminoak ongi argitu behar direla eta aklaratu behar dela nola zainduak izan nahi dugun, jakinda zahartzen ari den eta are gehiago zahartuko den jendarte batez ari garela», gehitu du EH Bilduko bozeramaileak.