GAUR8

Kanadak eta Ameriketako Estatu Batuek erdibitutako herri indigena da Akwesasne

Ameriketako Estatu Batuetan, migratzaileen aurkako sarekaden bideoak asko ugaritu dira azken hilotan. Horietako batean, mugako poliziak gerarazitako auto bateko emakumeak agenteei oldartzen zaizkie. Badakite azalaren koloreagatik eskatu dizkietela dokumentuak, baina ez dira inongo etorkinak.

Akwesasnera ongietorria ematen duen kartela. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Arizonatik lau mila kilometro baino gehiago ipar-ekialdera dago Akwesasne (edo Ahkwesáhsne), mohawk nazioaren erdigunean. «Jatorria Mohawk haranean dugu, baina zuriek erreserbetara joanarazi gintuzten», azaltzen du Kaniatarí:io Skye Sunday gazteak. “Ionkwahronkha’onhátie” («Hiztun oso bihurtzen ari gara») mohawk hizkuntzaren aldeko elkarteko arduradunetako bat da.

Montreal ingurutik eta Ontario lakuaren ertzeraino ehunka kilometrotan hedatzen den nazioaren erdigunean dago gutxi gorabehera Akwesasne. San Lorentzo ibaiaren hegoaldera dagoen herria da; berez, Kanada eta AEBen muga da ibaia, baina kolonialismoaren apetek mugako marra metro batzuk hegoalderago eraman zuten. Hala, ustez Estatu Batuetako lurraldean zabiltzala, GPSan «ongi etorri Kanadara» dioen mezua ageri da, berez Akwesasneko St Regis kalean metro batzuk soilik egin arren.

Mugaren alde batean «St Regis mohawk erreserba» dago, eta aitortza federala du AEBetan; beste aldean, Akwesasne 59 erreserbak dauka mohawk lurraldearen zati handiena, baina 15 erreserba ere badago; lehena Ontario probintziari dagokio, eta Quebec-i bigarrena, bi horien arteko muga ere badelako lurraldea. Herriaren erdigunea Kanadaren menpeko lurraldean dago. Parean San Lorentzo ibaian ageri diren uharteak ditu, eta ibaiaren beste ertza, baina txalupaz baino ezin dira hara heldu herritarrak. Errepidez joateko, mohawk erreserban jarraitu arren, Estatu Batuetarainoko 400 metroak egin behar dituzte, eta handik kilometro pare batera, ibaiaren gaineko zubia igarota, ageri da muga.

Ongietorria ematen duen seinalea eta gidariak zein muga-postutatik joan behar diren adierazteko oharrak hiru hizkuntzatan daude: ingelesaren eta frantsesaren azpian, Kahnhotónkwen dio aurrera egiteko adierazten duen seinale berdeak. «Behinola tribuko agure bati galdetu nion nolatan gertatu zen mugarena, eta esan zidan zurien kontua zela, gure bizimodua zailagoa egiteko», azaldu du Kaniatarí:io-k.

MUGA ETXEAN

Herriaren alde batetik bestera joateko aduana pasatu behar dute, «ez-indigenek galdekatzen digute zer daramagun, zertan ari garen mugan, noiz arte egongo garen beste aldean. Eta gure herrian gaude», gaineratu du mohawk gazteak.

«Badirudi ez garela komunitate bakar bat, marra artifizial hori doalako erditik. Bai, zatituta gaude, baina badakigu ondo nor garen, badakigu herri bakarra garela, muga hor egon arren, batzuetan zeharkatzea zaila izan arren».

Batzuetan nekatu eta haserretu egiten dira mugazainekin, eta are gehiago luzatzen da beste aldera joateko bidea. Baina ez dute etsitzen.

Donald Trumpen adierazpenek eta neurriek are gehiago konplikatu dute mugaldeko bizimodua. Aspaldikoa da egungo presidentearen mohawkekiko ezinikusia.

Duela mende laurden bat, haien aurkako zurrumurru eta albisteak hauspotu zituen, erreserban irekitzear ziren kasinoak bere negozioei kalte egingo zielako. Azkenean, barkamen oharrak argitaratu behar izan zituen. Teorian, lurralde subiranoa izanik bi aldeetan, mugako eztabaidak ez lioke eragin beharko, «baina sarritan zaila da, bi aldeetako gobernuek uste dute nahi dutenean etor daitezkeela gure komunitatera», dio Matthew Rourke AEBetako aldeko mohawk poliziako buruak. Muga marraztu zenetik, kontrabandorako bidea izan da, eta egun ere hala dela aitortzen dute, «droga-trafikoa zein migratzaileak» dio Rourkek. Iaz zortzi migratzaile ito ziren Akwesasne San Lorentzo ibaia igaro nahian.

Smithsonian Folklife Festival. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Kaniatarí:io Skye Sunday mugaren Kanadako aldean bizi da, baina ez du pasaporterik, «bi pasaporteak izan ditzakedala uste dut» dio askorik axola gabe. Tribuak berak emandako agiriak ditu, eta gidabaimenarekin ere zeharkatzen du muga. «Berriki gure pasaporteak egin ditugu, baina Gobernu estatubatuarrak ez ditu aitortzen, beraz, ezin gara mugara edo aireportura joan horrekin», adierazi du.

Beverly Cook da tribu-kontseiluko burua, eta jendearen kezkak azaldu ditu; lurraldearen estatus bereziak subiranotasuna aitortzen dio, eta hori errespetatzea nahi du.

«Gure lurraldearen kontrola geuk gauzatu nahi dugu, eta geuk ebatzi behar dugu nork daukan gure herritartasuna», nabarmendu du. Horregatik, Washingtongo muga-zergek eta bestelako mehatxuek mohawk lurraldean ez luketela eragin behar dio.

Kaniatarí:io Skye Sunday gazteari zenbait hitz eta esaldi irakatsi zizkioten aitona-amonek mohawkeraz (kanien’kéha), eta oinarri horretatik abian «asko ikasi dut, hiztun osoa naiz, baina ez dakit zaharrek bezain ondo».

Ionkwahronkha’onhátie’ hizkuntza-ikasle gazteek zuzendutako elkartea da, hizkuntza berreskuratu eta biziberritzeko. Elkarrekin eta adineko hiztunekin batu eta hizkuntza erabiltzea, mintzatzea dute ardura nagusi. Beste leku askotan bezala, bai AEBek bai Kanadak asimilazio-politika bortitzak inposatu zizkieten mohawkei ere, familietatik haurrak eramanda, ingelesa ikasteko eta hizkuntza eta ohitura indigenak ezabatzeko.

«Barnetegi-eskoletara bidali, kristautasunean asimilatu eta gure hizkuntza eta kultura kendu zizkiguten. Baina eutsi diogu, ez dakit nola, baina eutsi diogu». Zenbait mohawk erreserbatan hiztunak galdu dituzten arren, Akwesasnen gainerako lekuetan baino osasun hobea dauka hizkuntzak. «Nahiko nukeen hizkuntzarekin hazi banintz, baina pozik nago lortzen ari naizenarekin; gure historia eta istorioak eta kultura hizkuntzari lotuta daude», helarazi du.

Badaki akatsak egiten dituela eta estimatzen du hiztun zaharrek zuzentzea; gainera, herritik aparte dagoen komunitate batekoa denez, hizkuntzari hobeto eutsi dioten gune batean bizi dela dio.

Ionkwahronkha’onhátié’ elkarteko Karonhiióstha Shea Sky eta Kaniatarí:io Skye Sunday. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Adinekoak hil ahala, jatorrizko hiztunak badoaz, Ipar Amerikako komunitate indigena gehienetan bezalaxe. Mohawkek, baina, gainerako herriek baino askoz lehenago egin zituzten hizkuntzari eusteko urratsak. Akwesasneko mutur batean dagoen eraikinean Alvera Sargent-ek hartu gaitu; hemen sortu zen 1979an Freedom School edo eskola librea. 1985erako, erabat mohawkerazko murgiltze-ereduari heldu zioten, baina ez zen erraza izan, «batzuek ergelen eskola deitzen zioten»; eta AEBetako edo New Yorkeko ikasgai-zerrenda ofiziala beharrean, mohawkek eurek diseinatutako curriculumari jarraitzen diote. Garai hartako ia irakasle guztiak jatorrizko hiztunak izan ziren; egun, eskolan haurtzaroan edo helduaroan ikasi duten hiztunak ere badaude, baina transmisioa ez da eten.

Herriko beste muturrean dago egun eskolaren eraikina, 57 ikasle dituzte aurten. Bertaratutakoan, berehala nabari da lau hamarkada baino gehiagotatik datorren izpiritu librea. Hizkuntzatik bertatik, umeak zein irakasleak mohawkeraz ari dira, eta txikienen kasuan hizkuntza entzun eta ikasi nahi duten gurasoak ere bertan dira («hiztun berriak sortu eta hizkuntza berreskuratzeko, familiaren konpromisoa behar da, eskolatik kanpoko ahalegina ere izan dadin»).

Haurtzaroan bertako ikasle izandako umeak egun irakasle edo boluntario dira; zenbaitek hizkuntza etxetik zekarten -familia gehienetan transmisioa eten zen, AEBetako herri indigena gehienetan bezala, baina izan ziren hizkuntzari eustea lortu zutenak-, baina gehienek Freedom School-en ikasi zuten. Egun, 13-14 urtera arte ikasten dute bertan, gero, ingelesez jarraitu behar dute eskola publikoan.

«Hasieran galdu samar ibili nintzen, baina azkenean ingelesa alde guztietan dago» dio Ganesiosta-k; ikasle ohia izanda, egun eskolan dihardu.

HIZTUN BERRIAK

Hizkuntza berreskuratzeko grina bizi-bizia dela diote, bai murgiltze-ereduan egon eta gerora zerbait galdu dutenen kasuan, baita etxean edo eskolan ezer ez edo oso gutxi jaso baina etorkizunean mohawkera-hiztun izan nahi dutenen aldetik ere. «Institutura joan ginenean, eskolakook gure artean jarraitu genuen hizketan, eta uste dut besteei ere gehiago ikasteko gogoa piztu geniela». Egoera ez zen beti horrelakoa izan, noski, «oraindik ere badago hizkuntza ondo jakin arren, seme-alabei irakatsi ez izana harro aipatzen duenik».

Asimilazio-prozesuen itzala eta trauma oso luzea da egun ere. Baina Ganesiostak nahiago du zaharrenen harridura eta poz aurpegiak gogoratu, mohawkeraz egiten duenean.

Ez Akwesasnen bakarrik, Montreal aldameneko Kanahwake-n ere aritu da haurrekin lanean bere hizkuntzan. Quebec-en egon arren, frantsesa ingelesa baino are arrotzagoa zaie mohawk gehienei. 1990eko hamarkada hasierako gatazkak, Oka-ko gudua eta setioa, esaterako; iltzatuta dituzte oraindik. Golf zelai bat mohawk hilerri baten lurretan egiteko proposamenak hilabeteetan iraun zuen matxinada piztu zuen, eta mohawken defentsa eta harrotasunarekin batera, frantses sektore batzuen arrazismoa ere agerian utzi zuen.

«Akwesasneko eskola AEBetako aldean dago, baina herri guztiko familiek dakartzate haurrak bertara. Ez dugu muga aitortzen» dio Alvera Sargentek. Baina muga hor dago, eta egunero sufritzen dute Akwesasneko familia askok, haurrak eskolara dakartzatenek, esaterako. «Hamar minutuko bidea behar luke berez, baina mugarekin, sekula ez dakite noiz iritsiko diren eskolara», dio Kaniatarí:io Skye Sundayk.

«Tratatuen arabera, mugaren kontrola dagokigu, herritar nor den ebazten dugu, eta AEBetako eta Kanadako herritartasun bikoitza ere badugu». Baina presioa igotzen ari da, ofizialki kanadarra den baina egun bere betiko herrian ―AEBetan― bizi den Alvera Sargentek ondo dakien legez.

«Ni zaharra naiz, ez naute orain burokrazian eta paperetan itoko AEBetako txartel berdea eskuratzeko, baina gure ikasle batzuei eragiten die honek guztiak». Unibertsitatera joateko orain artean ez dute arazorik izan naziotasunari dagokionez, «baina Kanada hasi da beste agiri batzuk eskatzen, eta AEBetan ere antzeko neurriak datoz».

Ez dira garai errazak, baina askoz okerragoak bizitakoak dira Ipar Amerikako indigenak. Mohawkera ahul baina bizirik eta biziberritzen dago, eta ispilu ere bada Haudenosaunee irokes konfederazioko kide izan ziren gainerako herrientzat ere: mohawkez gain, oneidak, onondagak, cayugak, senecak eta tuscarorak mendeetan izan ziren aliatu, lehen europarrak Ipar Amerikan agertu zirenean ere. Bost mende beranduago, hemen daude, beren hizkuntzei eta kulturei eusten.