04 OCT. 2025 - 00:00h Zer kontatu, zer ez Itzea Urkizu Kalean goaz, etxera nahi ordurako ezin iritsi, eta kartelak itsasteko panel bati begira geratu dira haurrak. Erraldoien topaketa, batean; Aralarko San Migelen kondaira ikuspegi mistikotik aztertzeko hitzordua, bestean; auzoko festetako egitaraua; SOL musika talde palestinarrak herrian eskainiko duen kontzertuaren data. Mugitu beharra daukagula, berandutu egingo zaigula esan diegu hirugarrenez, baina, bi lagunen begiak paper pusketa horietan dabiltza, estimulu berrien bila. Eta, halako batean, hala esan dit semeak, SOL taldearen kartela seinalatuz: «Amatxo, hori Palestina da». «A bai? Eta zergatik uste duzu hala dela, ba?», galdetu nik. «Atzean dena puskatuta ikusten delako». Pun! Bonba bat. Ez da lan erraza haurrei munduan gertatzen denaz zer kontatu eta zer ez erabakitzea. Babestu nahi ditugulako, mesede baino gehiago kalte egingo dietela uste dugun kezkak eta beldurrak sentitzea aurreztu nahi dugulako. Txikiegiak, zaurgarriegiak, xaloegiak iruditzen zaizkigulako zenbait egia ezagutzeko. Baina gerra egon badago, gure haurrak jaio diren garaian, bizi diren munduan, subjektu izango diren gizartean. Garai, mundu eta gizarte horretan, beraiek ez diren beste haur batzuk erailtzen dituzte eguna joan eta eguna etorri; etxerik eta gurasorik eta janaririk gabe uzten dituzte. Bizitza dei dakiokeen ia ezer gabe, taupaka jarraitzen duen bihotz bana eta gure errukia baino ez zaie gelditzen. Eta sarraskiak harrapatu dituen haur horiek izan zitezkeen gure erraietakoak, baina, gure zorionerako, ez dira. Eta, hain justu horregatik, gureak balira bezala ematen digute min. Horregatik azaltzen diot, tarteka, txikiari, zorte ikaragarria dugula etxeak zutik eta espaloiak osorik ditugulako. Bete ditzakegulako platerak eta besarka dezakegula elkar estu, bonba bat lehertu beharrean, haserrealdi txiki bat lehertzen den bakoitzean. •