GAUR8

Duela 110 urte jarri zen martxan Artxandako funikularra

Artxandako Funikularra 1915eko urriaren 7an inauguratu zen eta egun berean burutu zen lehen bidaia ofiziala. ‘Societé des Usines L. Von Roll’ Suitzako enpresak egin zuen, ‘Evaristo San Martin y Garaz’ enpresaren proiektua jarraituz.

Artxandako funikularra. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

1915eko urriaren 7an, gaur dela 100 urte, Artxandako Funikularrak bere lehen bidaia ofiziala egin zuen, enpresa pribatu batek kudeatuta. Garaiko prentsak adierazi zuenez, egun horretan 2.800 txartel baino gehiago saldu ziren.

XIX. mendearen amaieran Artxanda mendia bilbotarren aisialdirako gune nagusia bihurtu zen, inguruan kasinoa, jolas-parkeak eta jatetxe eta txakolindegiak garatu zirela. Hala, hiriko erdigunea eta Artxanda lotzeko beharra sortu zen.

XX. mende hasieran kremailera-tren baten proiektua aurkeztu zuen Bernardo Jimenez ekintzaileak, baina ez zuen finantziaketarik lortu eta baztertu egin zen.

Geroago, ‘Evaristo San Martin y Garaz’ enpresari donostiarraren proiektua onartu zen, eta ‘Societé des Usines L. Von Roll’ Suitzako enpresak eraiki zuen.

Lehen funikular hori zerbitzuan egon zen 1937 urtean, gudan, suntsitua izan zen arte. 1939an, enpresa pribatuaren porrotaren ondoren, Bilboko Udalak hartu zuen funikularraren kudeaketa.

1976ko ekainaren 25ean zerbitzua etenarazi egin zen istripu baten ondorioz. Instalazio guztiak berreraiki ziren, bai geltokiak, trenbidea zein bagoiak, eta zazpi urte geroago, 1983an, berriro jarri zuten martxan.

Funikularraren ordutegia lanegunetan 07:15etik 22:00etara da, jaiegunetan 08:15etik 22:00etara, eta udako hilabeteetan (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila) zerbitzua 23:00etara arte luzatzen da ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetan.

Hiru minutu baino gehixeago behar du funikularrak 770,34 metroko bidea egiteko; segundoko bost metroko abiadura hartzen du (orduko 18 kilometro), eta 70 pertsonentzako lekua dago bagoietan.