29 OCT. 2025 - 14:02h Gaztainen inguruko kultura eta tradizioaren transmisioari eskainitako azoka Basaburuan Oinarrizko jakia izan den gaztainari eta gaztainondoen kudeaketaren inguruko ezagutzari eskainitako azoka ospatuko dute igandean Basaburuan, baina aurretik solasaldi ziklo bat antolatu dute ostiralean eta larunbatean, esperientzia eta praktika ezberdinak aztertzeko. Gaztainak izango dira protagonistak Basaburuan asteburuan. (Maddi SOROA | FOKU) GAUR8 Gaztain Feriaren bigarren edizioa ospatuko dute asteburuan Basaburuan, ostiralean (hilak 31) hasi eta igandera arte luzatuko den programazioarekin. Gogoratu dutenez, gaztaina lurrak dira Basaburua, Ultzama eta Larraungo bailarak, arbasoek gaztainondoak «landatu, txertatu, inausi, bakandu eta zaindu» dituzte eta horiek jantzi dute paisaia eta biodibertsitatea zaindu, habitat aberatsak babestuz.Nabarmendu dute, gaztainondoa, gainera, «ohitura, elikagai, berotasuna eta babestokia» dela gure kulturan. «Erabilera ugarirekin lotuta egon da beti: gizakien eta abereen elikadura, eraikinetako edo altzarietako egurrerako, saskigintza, landare melifero gisa, etab. Gaztainak biltzea eta ondoren dastatzea, gainera, gaztainen berotasunean elkartzeko eta sozializatzeko motibo izan dira», oroitu dute. Atsotitz ezagun bat ekarri dute gogora hitzorduaren harira: «Urriaren azkenean gaztaina etxean» Azokak, beraz, tradizio horren transmisioa eraman nahi du plazara, kaleak girotu eta jarduera ezberdinak eskainiz. Azoka igandean egingo dute, baina aurreko egunetan gaztainondoen kontserbazioak duen garrantzian sakonduko duten hitzaldiak prestatu dituzte. Izan ere, gaztainondoen kudeaketa jorratuko dute aditu ezberdinen laguntzarekin, eta esperientzia eta praktika ezberdinak aztertuko dituzte ostiralean eta larunbatean zehar izango diren solasaldietan. Programazioa eskuragarri dago Basaburuko Udalaren webgunean.Igandean, 10.30ean zabalduko dute Mendialdeko Azoka Ibiltaria, eta salmenta postuez gain gaztainaz egindako pintxoak dastatzeko aukera izango da, erakusketa eta tailerrak izango dira, eta Euskal Herriko gaztaina-kulturari eskainitako erakusketa eta proiekzioak.