01 NOV. 2025 - 00:00h Gaur bost urte hil zen Pedro Iturralde jazz musikari nafarra Bost urte bete dira gaur Pedro Iturralde Otxoa (Faltzes, Nafarroa Garaia, 1929ko uztailaren 13a - Madril, 2020ko azaroaren 1a) saxofonista, klarinetista eta konpositorea zendu zenetik. Estatuan figura nagusienetako bat izan zen jazz munduan eta generoan hamaika disko grabatu zituen. 2007ko Donostiako Jazzaldian. (Imanol OTEGI | FOKU) Amaia Ereñaga Pedro Iturraldek berak zioenez, aitaren eraginez hasi zen musikaren munduan, aitak oparitu ziolako lehenengo saxofoia. «Ni musikaria jaio nintzen, hori nahi zuen izan nire aitak, eta bera profesionala ez bazen ere, gitarra eta klarinetea jotzen nituen, beste instrumentu batzuen artean», kontatu zuen musikoak. Bederatzi urterekin saxofoi-jotzaile gisa debutatu zuen. Gaztetako esperientzia musikalak bere herriko orkestran eta Iruñeko La Jarana sanferminetako peñan parte hartzera eraman zuen. 1964an bira bat egin zuen atzerrian eta, Espainiara itzultzean, Madrilgo Goi Mailako Kontserbatorioan ikasi zuen karrera osoan –bertako katedraduna izan zen 1978 eta 1994 artean–, eta, ondoren, Pedro Iturralde Quartet taldea sortu zuen. Hogei urte zituela, bere lanik ospetsuenetako bat konposatu zuen, ‘La pequeña Czarda’, saxofoi eta pianorako, geroago beste instrumentazio batzuetarako moldatu zuena. Estatuko jazz musikari aitzindarietako bat bihurtuta, birak egin zituen Europako hainbat herrialdetan, eta berriro ere Madrilen Whisky Jazz Clubeko jazz laukotea zuzendu zuen Donald Byrd, Lee Konitz, Hampton Hawes, Gerry Mulligan eta Tete Montoliurekin, eta flamenkoarekin fusionatu zen Paco de Lucia gitarristarekin elkarlanean. Garai erabakigarria izan zen hura. Whisky Jazz Cluben eman zituen hamar urte haietan jazzeko beste handiekin aritu zen... inoiz erretzaile izan gabe, biriketan pilatu zuen nikotina kopuru handiak faktura pasatu zion arte. Horrek gaueko bizitza Kontserbatorioko irakaskuntzagatik aldaraztera eraman zion. «Irakastea baino gehiago ikastea gustatu izan zait beti, baina gero, denborarekin, irakatsiz asko ikasten dela konturatu naiz», adierazi zuen behin. Radio Nacionaleko Club de Jazz saiorako hainbat grabazio egin ondoren, Berlingo Jazzaldian aritu zen Miles Davis, Thelonious Monk eta Baden Powellen taldeekin, besteak beste. Like Coltrane eta Toye konposizioak Monakoko Nazioarteko Jazz Konposizio Lehiaketan saritu zituzten.Bostongo Berklee Collegen bere jazz ezagutzak zabaldu zituen eta erakunde honetako bandarekin aritu zen Berrehun Urte Jazz Ameriketan programaren kontzertuetan. Helsinkin artista gonbidatu gisa aritu da The New Music Orchestran, eta bakarlari gisa aritu da Espainiako Orkestra Nazionalaren eta RTVEko Sinfonikoaren kontzertuetan, besteak beste, Igor Markevitch, Jesus Lopez Cobos eta Enrique Garcia Asensioren zuzendaritzapean. 91 urte zituenean zendu zen. Eman zituen milaka kontzertuen kontua eta zortzi hamarkadako ibilbidean grabatu zituen diskoen kopurua galdua zuen.