GAUR8

Ez omen!


Gazteek ez dakitela ezer frankismoari buruz, euskal gatazkari buruz, despolitizatuta daudela, indibidualistak direla, dioskute azazkaletan lubaki zaharren lohiak gordetzen dituzten hatzek idatzitako txioek. Nago, gazteen arduragabekeria kirimikatzearen atzean, eraikitzeko edo ulertzeko asmoa bainoago, besteena hutseratuz norberarena gurtzeko obsesioa egon daitekeela.

Ekarpenik egiten ez duten jarrera erretxinduok baino askoz interesgarriagoak dira besteen gainetik jartzeko deseinuei uko egiten dieten begiradak, duela aste bi, Mikel Urdangarin kazetariari erantzunez, Samara Velte NOR taldeko ikerlariak orriotan erakutsi zuenaren parekoak. Eskertzekoa da euskal gatazkari buruzko itaunei erantzundako “ez dakit” zalantzatiei “gazteak arduragabeak dira historiari dagokionez” bezalako ondorio kategorikoekin ez erantzutea.

Kontrara, memoria kolektiboa “eraikitako narratiba” dela kontuan hartuta, ikerlariak jakin nahi izan du zergatik, adibidez, euskal gatazkaren biolentzia fisikoa gailendu den gazteen kontakizunean eta kasik atzendu dituzten garai hartako alderdi politikoak, ekonomikoak edo sozialak. Ardurak konpartituak izaten dira normalean, beraz, berdin hausnar dezakegu memoriaren igorle izatea zegokien belaunaldiek eraiki duten narratibaren inguruan, hots, zer jaso duten gazteek, kasurako, baieztatzeko biolentzia beti dela irrazionala eta indarkeria oro baldintzarik gabe gaitzesteko, zergatik hartu duen kontakizun batek hainbesteko zentralitatea, ezen estatuaren edo ETAren indarkeria hurbil sentitu dutenek ez baitute legitimitaterik sentitzen eztabaida publikoari haien esperientziekin ekarpena egiteko. Gazteek orain “ETA Voldemort da” badiote, ez da iragan hurbiletik datorren kontakizunaren iturriak era garbian eta naturalean zirkulatu duelako haiengana modu horretara isuri den arte, baizik eta narratibaren bidean alde izendaezinak eraiki direlako, txorrota batzuk itxi direlako, eta modu horretara zaila da jakin-minaren egarria asetzea.

Kanila guztiak irekitzea proposatu zuen Veltek, tranpa egin gabe, eta ostean, gazteek esateko dutena entzutea: «Aprobetxatu dezagun gazteek daukaten distantzia emozional hori, ez gaizki egiten ari direla ulertarazteko, baizik eta beraiek bestelako ezagutza bat sor dezaketelako». Memoriak eta politikak bi norabideetan egin baitezakete bidea. Baina, noski, horretarako gazteak aditzeko prest egon behar dute besteek.

Hasteko, aitor ditzagun hemen eta orain garretan dituzten borrokak, zeren gazteen eginahal eraldatzaileei epikaren talaiatik bafadaka destaina eginez erantzuteak erakusten du garai bateko ulerkera politikoa gainditzen duten praktikak martxan eta indartsu daudela. Eta horrek pozgarria beharko luke izan belaunaldi berriei aurrekoek egindako borrokari ekarpen gehigarria egitea dagokiela sinesten duenarentzat.

Ze… gazteak ez daudela politizatuta? Ez omen! Zaldibarren elkartu ziren joan den astean 700 gazte feminista. Edan zuten feminismoaren genealogiatik, errepasatu zuten historia, posizioa hartu zuten transfobiari marra gorriak ezarriz eta kontra duten “makineria latzari” aurre egiteko indartsu agertuz. Argi esan zuten “lubaki feministaren garaia” dela eta erakutsi zuten haien azazkalak ere lohiez zikinduta daudela. •