GAUR8

92 urte bete dira emakumeek Estatu espainiarrean bozkatu ahal izan zutenetik

92 urte pasa dira Estatu espainiarreko emakumeek bozkatzeko eskubidea eskuratu zutenetik. Gurean aurrekariak izan ziren, 1933ko azaroak 5eko erreferendum autonomikoan ahal izan zutelako. Bi aste beranduago, azaroak 19ko hauteskunde orokorretan hedatu zen eskubidea Estatu espainiarrera.

1933eko azaroak 5, Eibar, Indalecio Ojangurenen argazki historikoa. (INDALECIO OJANGUREN | WIKIMEDIA COMMONS)

Agian gogoan izango duzue Indalecio Ojanguren argazkilari eibartarraren irudi ospetsua, ezta? Eibarren ateratako argazki hark zaharra dirudi baina 92 urte baino ez dira igaro ordutik. Hau da, ez da mende bat pasa emakumeok bozkatzeko eskubidea lortu genuenetik. 

1931ko ekainean, Bigarren Errepublika aldarrikatu eta hilabete gutxira, hauteskunde orokorren lehen itzulia egin zen. Hauteskunde horietan, emakumeek oraindik ez zuten bozkatzeko eskubiderik, baina hautagai bezala aurkeztu zitezkeen. Hautagaitza errepublikano-sozialistek garaipen argia lortu zuten. Urte horretan bertan, gorte konstituzionalek emakumeei gizonen baldintza beretan (23 urtetik aurrera) botoa emateko eskubidea onartu zieten. 

Nolakoa zen egoera garai hartan? Finlandiak (1906), Norvegiak (1910), Danimarkak (1915) edo Erresuma Batuak (1918) sufragio unibertsala zuten. Beste batzuk, beranduago onartu zuten, hala nola Estatu frantziarrak (1944), Belgikak (1948) edo Suitzak (1971).

Euskal Autonomia Erkidegoan, 1933ko azaroaren hasieran Autonomia Estatutuaren erreferendumean sufragioa unibertsala izan zen lehen aldiz gurean. Bi aste geroago, lehenengo hauteskunde orokorrak egin ziren, eta emakumeek botoa emateko aukera izan zuten Estatu espainiar osoan.

Eskuineko hautagaitzen garaipenaren ‘errua’ emakumeen partaidetzari egotzi zaie, baina hainbat faktore elkartu ziren: anarkisten abstentzioa, ezkerraren zatiketa edo boterean bi urte eman ondoren sortutako higadurak. Gaur egun, emakumeen bozkak gizonak baino ezkertiarragoak izan ohi dira mendebaldeko herrialde gehienetan.