GAUR8

Euskal ahotsak behar dituzte, Adimen Artifizialak euskara ulertzeko trebezia hobetu dezan

Euskal hiztunen parte hartzea eskatu dute Euskrowd izeneko proiektuaren bidez ahozko grabazioak egiteko. Helburua da Adimen Artifizialak «euskara naturala» ulertzeko duen gaitasuna hobetzea eta hizkuntzak mundu digitalean duen presentzia eta indarra sendotzea.

Irudian, euskararen aldeko mezuak Baionan, Korrikaren azken edizioan. (Julien MARCHIONE)

Euskararen etorkizun digitala indartu eta «Adimen Artifizialak euskararen benekotasuna» hobetzeko helburuz jaiotako Euskrowd proiektuak herritar euskaldunen parte hartzea eskatu du.

«Euskrowd euskararen etorkizun digitala bultzatzeko sortutako proiektu parte-hartzailea da. Aplikazio honen helburua hizkuntza-teknologiak hobetzea da, etorkizun hurbilean gailu digitalek euskara bere aberastasun, euskalki eta adierazteko modu guztietan ulertu dezaten», azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.

Laguntza hori zertan datzan azaldu du EHUk bultzatzen duen egitasmoak. Izan ere, euskal hiztunen ahotsak behar dituzte, eta horretarako, aplikazioaren bidez grabazioa edozein pertsonak egin dezakeela argitu dute, «galdera errazak eginez edo euskarazko komandoak emanez».

Ahozko artxibo horiekin proiektuak ahots eta testu datuen corpus ireki bat sortzen ari dela zehaztu dute, eta horiei esker aukera dago «benetako euskaran oinarritutako adimen artifizialaren eredu inklusiboagoak eta adierazgarriagoak trebatu eta ebaluatzeko».

Parte hartzearen neurrikoa izango da datu basea, handia bada osatuagoa eta askotarikoagoa izan baita, eta, era horretara, etorkizuneko teknologiek hizkuntza hobeto ulertuko dute.

‘Euskrowd. Gure soinua, herriaren indarra’ leloa indarrean jarri, eta parte hartzera deitu dute egitasmoaren sustatzaileek, tresnak «ekarpen zuzena» egingo baitio «gure hizkuntzak mundu digitalean duen presentzia eta indarra sendotzeko».

Parte hartzeko, proiektuaren webgunera jo behar da, eta bertan izena eman.