06 DéC. 2025 - 00:00h Automatizazioaren arazoari bide berrietatik erantzuten Ilustrazioa: Yeray GASCON Gorka Julio Azken urteetako arlo digitalari egin zaizkion begirada interesgarrienak egin ditu McKenzie Warkek. Aspaldi, beste bizitza batean, esan ahalko litzateke idatzi zuela “A Hacker Manifesto”. Denbora pasa da hartatik eta azken urteetan beste lanketa interesgarrietan begirada jarri du Warkek, adibidez Danele Sarriugartek itzulitako “Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza”, Katrakraken argitaratutako liburua. Bada, baina, bere teoria politikoan garrantzi handia eman ez zaion baina gakoa izan daitekeen testurik: “Capital Is Dead: Is This Something Worse?”. Liburu hori oinarri hartuta, automatizazioaren inguruko kezkei bide berriak topatzeko aukera eskaintzen digu. Testu horretan McKenzie Warkek bektorialismoaren teoriari egiten dio erreferentzia. Warken bektoralismoaren teoriak aro digitalerako analisi marxista eguneratua eskaintzen du, produkzio modu berri batean sartu garela defendatuz eta ezkerraren estrategia oinarritik berriz pentsatzea eskatuz. Funtsean hau litzateke: gaur egungo klase nagusiek -bektorialistak- ez dituztela lantegiak edo finantza-kapitala bakarrik jabetzen, baizik eta oinarrizkoagoa den zerbait kontrolatzen dutela, informazioa zirkulatzen duten bektoreak. Bektoreak informazioaren zirkulazioaren azpiegiturak dira: plataformak, sareak, algoritmoak, datu-baseak, protokoloak, eta haiek gobernatzen dituzten esparru juridikoak (jabetza intelektuala, patenteak, erabilera-baldintzak). Amazonek ez ditu soilik produktuak saltzen, logistika azpiegituraz jabetzen da. Googlek ez du bilaketa zerbitzua bakarrik eskaintzen, ezagutza bera nola antolatzen eta eskuratzen den kontrolatzen du. Metak ez ditu elkarrizketak bakarrik ostatatzen, giza harremanen mapa kontrolatzen du. Teoria horren barnean bi klase kontrajarri aurkezten dizkigu McKenzie Warkek: bektorialista klasea eta hacker klasea. Bektorialisten klaseak ez du balio-erauzpena egiten soilik produkzio-bide fisikoen jabetza bidez, baizik eta informazioaren gaineko kontrolaren bidez, informazioa bera merkantzia gisa monetizatuz. Informazioaren zirkulazioa eta antolamendua, erabiltzaileek sortutako portaera-datuak, konputazio-azpiegitura, industria-estandar bihurtzen diren protokoloak eta arauak, arreta bera, baliabide urri gisa kontrolatzen ditu. Aldiz, Warkentzat hacker klasea ezagutza-langileek, sormenari lotutako langileek, garatzaileek, eduki-sortzaileek osatzen dute; bere lan nagusia informazioa sortzea duen edozein, alegia. Balio handia sortzen dute, baina ez dituzte horren mozkinak jasotzen edo monetizatzen diren bektoreak kontrolatzen. Spotifyko musikari bat, plataforma baterako kodea idazten duen garatzaile bat, algoritmoak hobeto funtziona dezan horietan lan egiten duenak, guztiak dira hackerrak Warken zentzu horretan. Haien gaitasun sortzailea bektorialisten metaketaren mende jarrita dago. Bere ustez, ez ginateke egongo “kapitalismo berantiar baten” edo “kapitalismo digital baten” aurrean soilik. Benetan produkzio modu berri bat dela defendatzen du Warkek. Kapitalismo industrialean, merkantzia objektu fisiko bat zen. Bektoralismoan, merkantzia informazioa bera da. Lantegietako langileek nork esplotatzen zituen zekiten; hacker klaseak ez du bere klik, bilaketa eta elkarrekintza bakoitzak bektoralistentzat sortzen duen balioa ikusten. AUTOMATIZAZIOA BEKTORIALISMOAREN BEGIRADATIK Warken automatizazioaren analisia teknoptimisten narrazioengandik urruntzen da. Gizakiak lanetik askatu ordez, bektorialisten kontrolpeko automatizazioak hainbat arazo ekartzen dizkigu. Zelatatzea areagotzen du. Kudeaketa algoritmikoak tekla-sakaketa guztiak jarraitzen ditu, produktibitatea denbora errealean kontrolatzen du, zein langile sindikatu daitezkeen iragar dezake... Horretaz gain, lana dohainik erauzten du. Plataformentzat lan egiten dugu argitaratu, bilatu edo scroll egiten dugun bakoitzean. Lana zatitzen du, langileak atomizatzen ditu, antolakuntza kolektiboa zailduz. Uber gidari bakoitza adibidez teknikoki autonomoa da, kontrolatzen ez duen plataforma batean beste batzuen aurka lehiatuz. Sistema automatizatuek langileak berehalakoan desaktibatu ditzakete, soldata-tarifak algoritmoz doitu, eta metrika ilun bidez zehaztu nork lortzen duen lana. Plataformatik bota ahal izatearen mehatxuak langileen portaera diziplinatzen du “nagusi-langile” harreman tradizionalek baino modu eraginkorragoan. Hori dena gertatzen den bitartean, erantzukizuna desplazatu egiten da. Algoritmo batek zure mailegu-eskaria ukatzen duenean, zure argitalpena markatzen duenean edo lan gutxiago esleitzen dizunean, ez dago gizabanakorik erreklamazioa egin diezaiokezuna. Boterea difusoa, teknikoa, itxuraz neutrala bihurtzen da, dagoeneko dauden desberdinkeriak erreproduzitu eta areagotzen dituen arren. NOLA ERANTZUN 1. Plataforma kooperatiboak langileen eta erabiltzaileen jabetzan: Langileen jabetzako plataformak sortzea izan daiteke estrategiatako bat. Uberren ordez gidariena den kooperatibak adibidez. Erronka handia da arrisku kapitalez finantzatutako enpresa erraldoiekin lehiatzea, baina aukerak badaude, Coopcycle da horietako adibide bat. 2. Datu eta azpiegitura digitalak komun bihurtu: Datuak eta azpiegitura digitala komun gisa tratatzea, ez merkantzia pribatu gisa. Horrek datu-sindikatuak, udal-plataformak eta Internet-sarbidea zerbitzu publiko gisa eskaintzea bezalako neurriak izan daitezke. 3. Burujabetza teknologikoa eta sare banatuak: Inork jabetzerik ez duen azpiegitura eraikitzea. Mastodon bezalako sare federatuak, software askea, protokolo irekiak... Bide horretan lan egitea ezinbestekoa izango da. 4. Lan antolakuntza aro algoritmikoan: Sindikatu klasikoek beren estrategiak ere egokitzea garrantzitsua izango da. Herrialde arteko grebak, algoritmoen gardentasuna eskatzea, erabaki automatizatuei aurre egiteko eskubidea borrokatzea... 5. Esparru arautzaileak: Lege aldaketetan ere eragin daiteke alternatibak sortzeko bideak zabaltzeko. Monopolioak apurtzea, datuak babestea, plataformetako langileak enplegatutzat jotzea... Ekintza horiek ere beharrezkoak dira. 6. Oinarrizko zerbitzu unibertsalak edota oinarrizko errenta unibertsala: Unibertsaltasunaren irizpidea eremu digitalean kontuan hartuko duten neurriak ezinbestekoak dira. Kasu bakoitzean neurri bat edo beste eraginkorragoa izan daiteke, baina beste eremu batzuetan ematen diren neurriak hemen ere aplikatzea interesgarria izan daiteke. 7. Kontra-hegemonia kulturala eta hezigarria: Gardentasuna, lankidetza, gobernantza kolektiboa lantzen duten eredu teknologiko kritikoak garatu behar ditugu. Wikipediak edo software askeak erakusten dute, utopia baino, planteatutakoa egingarria dela. ZAILTASUNEI AURRE EGIN, GALDERA EGOKIAK EGINEZ Warkek estrategia hauek, beharrezkoak izan arren, agian ez direla nahikoak ere badio. Bektorialismoak imajinario politiko guztiz berriak behar lituzke, ez XX. mendeko sozialismoen bertsio eguneratuak soilik. Kapitalak erakutsi du oso trebea dela erresistentzia xurgatzen. Kontrakultura identitate-marka bihurtu zen. Punk estetikak produktuak saltzen ditu. Kritika bera ere merkantilizatu eta saldua izan daiteke. Plataforma kooperatiboek saihets dezakete lehiatik kanpo geratzea edo “etikoa” den nitxo gisa bektorialisten dominazioaren barruan xurgatuak izatea? Alternatibak eraikitzeak lehendik dagoen azpiegitura erabili beharra dakar: Amazon Web Services, Google Cloud, ordainketa pasarelak, aplikazio dendak. Bektorialismoaren irteera bat eraiki dezakezu bektorialisten tresnak erabiliz? Plataformak baliotsu bihurtzen baldin badira, denek erabiltzen dituztelako da. Jabetza kooperatiboko erabiltzaile gutxi dituen sare sozial batek, zaila du milioika erabiltzaile dituzten plataforma propietarioekin lehiatzea. Nola lor dezakegu alternatibek arrakastarako behar duten masa kritikoa? Klase langilea kapitalismo industrialaren subjektu iraultzailea izan bazen, nork okupatzen du rol hori bektoralismoaren garaian? Hacker klasea zatitua dago, askotan ongi ordainduta, batzuetan besteen balioa erauzten duten bektoreen eraikuntzan parte hartzen. Non dago botere bektorialista desafiatzeko gai den subjektu kolektiboa? Galdera mardulak pausatzen dizkigu Warkek, fokua jartzen laguntzen diguten galderak, erantzunak denon artean bilatu beharko ditugun arren.