06 DéC. 2025 - 00:00h «Ez ditut somaliarrak AEBn nahi» (Yuri GRIPAS | EUROPA PRESS) Ainara Lertxundi «Ez dira pertsona langileak, ezta herrialde hau handi egingo dutenak ere. Kexatu besterik ez dira egiten. Esaten dute hau ez dela paradisua. Infernutik datoz, eta, hala ere, kexatu besterik ez dira egiten, ez ditugu gurean nahi. Itzul daitezela iritsi ziren lekura. Batzuek esango dute hau esatea ez dela politikoki zuzena, baina ez dit axola. Ez ditut Ameriketako Estatu Batuetan nahi». Adierazpen horiek Donald Trump presidente estatubatuarrak egin zituen pasa den asteartean gobernuko bilera batean Somaliako etorkinei buruz. Bere hitzetan, herrialde afrikarrari «kiratsa dario». Trumpek Minnesotako gobernadorearen, Tim Walz demokrataren, kudeaketa ere gogor kritikatu zuen. Somaliar jatorriko populaziorik handiena Minnesotan bizi da AEBn. «Somalia apenas jo daiteke herrialdetzat ere. Elkarren artean hiltzen dute, besterik ez. Estatuak ez du azpiegiturarik». Diskurtso arrazista horren barruan, somaliar jatorriko Ilhan Omar legebiltzarkidea ere aipatu zuen. Minnesotako ordezkaria da Kongresuan. «Ez du gaitasunik. Zaborrra da, bere lagunak bezala». Somaliako lehen ministroak, Hamza Abdi Barrek, uko egin dio Trumpen adierazpenei erantzuteari. «Ez du soilik Somaliaren kontra egin, Nigeriaren eta Hegoafrikaren aurka ere egin du. Ez dugu uste aintzat hartzea merezi duenik ere», nabarmendu du.