
«Ohe gainean dago eserita, galduta dirudi. Nola duzu izena? -Auguste. -Nola du izena zure senarrak? -Auguste, nik uste. Galdera ulertuko ez balu bezala». Horrelako oharrak idatzi zituen Alois Alzheimer psikiatrak interes berezia sortu zion gaixoaren inguruan osatu zuen txosten zehatzean. Gorputzeko gaixotasunak dauden bezala, garunak ere gaixotu daitekeela uste baitzuen Alzheimerrek.
Une hartan Auguste Deterrek (Kassel, 1850eko maiatzaren 16a – Frankfurt am Main, 1906ko apirilaren 8a) 51 urte zituen; baina gaixorik zeraman urte batzuk. 1890. urtearen amaieran, 40 urte besterik ez zuela, dementzia zantzuak agertzen hasi zen, hala nola oroimena galtzea, delirioak, baita aldi baterako egoera begetatiboak ere. Insomnioa zuen, hostoak arrastaka eramaten zituen etxean, eta orduak ematen zituen gauez oihuka.
Frankfurten bizi zen Auguste eta alaba bat zuen senarrarekin. Karl Deterrek, trenbideko langilea, etxean ezin zuela zaindu eta hiriko gaixo mental eta epileptikoentzako ospitalera eraman zuen emaztea.
Augustek hantxe egin zuen topo Alois Alzheimer psikiatrarekin; hau da, garai hartan berria zen eta egun mundu osoko milioika pertsonari eragiten duen gaixotasuna diagnostikatuko zuen lehen medikuarenarekin. Augustek ospitalera iritsi zenean zituen sintomen artean, besteak beste, oroimen eta ulermen galera, afasia, desorientazioa, entzumen haluzinazioak eta ezintasun psikosozial nabarmena izan zituen.
Urte askoren ondoren, burua guztiz galduta, 1906ko apirilaren 8an hil zen eta bere garuna zehatz-mehatz aztertu zuen psikiatrak. Beren garunean psikiatrak aurkitu zuen gauzarik aipagarriena plaken eta neurofilamentuen pilaketa izan zen, bere gaixotasuna argitzen zutenak.
Alzheimer doktoreak bere gaixoaren historia mediko zehatza aurkeztu zuen Auguste hil eta sei hilabetera. Mende bat geroago, bere kasua teknologia mediko modernoekin aztertu zuten (Alzeheimer doktoreak Augusteren burua gorde baitzuen), eta Gießen eta Sydneyko (Australia) zientzialariek kausa genetiko bat aurkitu zuten gaixotasunerako. Tamalez, eta aurrerapen dexente egin diren arren, oraindik ez zaio gaixotasunari sendabiderik aurkitu.

Aaiun: McDonald’s bat, dunak eta hezur ezkutuak

Toheed Ghulam, Antzuola eta Reala bihotzean daramatzan euskaldun-pakistandarra

Abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa: prest al gaude?
20 urte kazetaritza ikasten
