16 DéC. 2025 - 13:40h 2025eko urtekaria banatzen hasi da UEMA, kide diren udalerrietako etxeetan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren herrietan, 2025eko urtekaria jasotzen hasi dira herritarrak. UEMAk urtean zehar egindako urratsak, arnasguneei buruzko informazioa edota euskararen aurkako oldarraldiaren inguruko irakurketa biltzen ditu azken aleak, besteak beste. ‘Berripapera’ etxeetan banatzen hasi da UEMA. (UEMA) GAUR8 UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea abenduan urtekari modura plazaratzen duen argitalpena banatzen ari da kide diren udalerrietako etxebizitza guztietan. ‘Berripapera’ argitalpenaren 154.000 aleko tirada egin da, 2025eko abenduko zenbakia da.UEMAk jakinarazi duenez, webgunean, sareetan eta Telegram kanalean mankomunitatearen jarduna jarraitzeko modua baldin badago ere, oraindik herritarren zati handi batengana heltzeko ezinbestekoa da informazioa paperean argitaratzea eta etxeraino banatzea.Bada, helburu horrekin sortu zen UEMAren ‘Berripapera’, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ildo eta ekimen nabarmenenak zabaltzeko.Horrela, 2025eko abenduko zenbakian, urtean zehar UEMAk egindakoen nondik norakoak islatzen dira, hala nola arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzia, zazpi udal berri UEMAra sartzea, euskararen aurkako oldarraldia eta horrek udalerri euskaldunetan nola eragiten duen, edota azken epaiak salatzeko uztailean herriz herri egindako elkarretaratzeak.Era berean, UEMAko kide den udalerri bakoitzerako sortutako koaderno demolinguistikoak, hezkuntza formalean eragiteko UEMAren hiru zutabeak, Arnasetik bideo sormen lehiaketa, euskara eta kulturartekotasuna, gazteentzako Salto! udalekuek aurten eman dutena, edota zerbitzu sektorean euskarak dagokion lekua izan dezan egindako kanpainak ere azaltzen dira, besteak beste. ‘Berripapera’ eskuragarri dago, era berean, UEMAren webgunean.