GAUR8
Entrevue
Oihana Bartra Arenas
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista

«Nire erabakia ez da gai pisutsuei ez kantatzea, baizik eta drama handiak saihestea»

Santutxu, Bilbo, 1984. Hamabigarren Bizkaiko Txapelketa du aurtengoa eta hirugarrenez heldu da finalera.

(Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Hirugarren finala izango duzu aurtengoa Nola harrapatu zaitu aurtengoak?

Aurkezpenean kontatu nuen, eta agian ez da politikoki zuzena hau esatea, baina txapelketak oso gogo gutxirekin harrapatu ninduen. Izena eman nuen sentitzen nuelako ez nuela beste erremediorik, nahiz eta ez den egia. Baina aurrera egin ahala konektatzen joan naiz eta gogoa piztu zait, baita motibazioa ere. Finalaurrekoak ere ondo joan dira eta lortu dut konektatzea, orain gogotsu eta pozik nago.

Aurtengoan, gainera, luzeagoa izan da: finalerdiak bi itzulitan izan dira eta ariketak ere aldatu dira.

Bi itzuli izateak aukera ematen dizu hanka sartzeren bat eginez gero erremontatzeko edo, alderantziz, beste lasaitasun bat ere eman diezazuke; ni gustura egon naiz bi saioetan. Ariketa batzuk gustura hartu ditut eta beste batzuk ez horrenbeste; adibidez, kopletako saioa txapelketako formatuan pixka bat arraro geratu daiteke, niri behintzat hala egin zait; lau kopla ziren bat-batean, lau kolpe, niri labur geratu zitzaidan, ofizioan sartzen nintzenerako amaitu beharraren sentsazioa nuen, antinaturala iruditu zitzaidan.

Hilabete finalaren zain. Nola kudeatzen da hori?

Aurten nahiko arraro geratu da egutegia, baina nik neuk asko eskertu dut tarte hori. Finalaurreko bakoitza oso nekatuta amaitu dut; lehenengoan oso kontzentratuta harrapatu ninduen, mentalki ahalegin handia eginda, eta bigarren finalaurrekoaren aurretik gaixorik egon nintzen. Eskertu dut deskonektatzeko aukera izatea; tarte luzea edukitzeak hori du ona, pixka bat deskantsatu, deskonektatu eta gero berriro konektatzeko denbora izan dezakezu. Arriskutsua izan daiteke, baina nik gustura hartu dut.

Kontzentratzeaz maiz hitz egiten da, baina deskantsua ere garrantzitsua da.

Deskantsuarenarekin nabil bueltaka. Oso nekatuta heldu naiz urte sasoi honetara, eta kostatzen ari zait deskantsua hartzea, horixe da nire barne borroka: hemendik finalera bitarte deskantsatzea.

Markinako bakarkakoan ume baten ahotsetik kantatu zenuen.

Nire buruarekin harritu nintzen umearen papera hartutakoan, ni ez naiz oso ume aditua, momentu honetan ez dut bisualizatzen zer den 7 urteko ume bat. Beste erabaki batzuetatik etorri zela esango nuke: oso erabakita dut drama gordina ahalik eta gutxien hartu nahi dudala. Gaia entzuterakoan -musu ematera etorri zaizu eta ezetz esan diozu- beste gauza asko askoz pisutsuagoak bururatu zitzaizkidan, deskartean ibili nintzen, nire erabakia ez baita gauza pisutsuak ez kantatzea, baizik eta drama handiak saihestea.

Zein gorputzaldirekin kantatu nahiko zenuke Casillan?

Gorputzaldi onarekin nago bertsotarako, plazan oso gustura nabil eta oso ondo pasatzen ari naiz bertsotan. Sentsazio on hori finalean lortzea ederra litzake. Txapelketan gozatzea ez da erraza, baina nik nahiko nuke momentuaren kontzientzia hartu; bertan egoteko aukera ez du edonork eta egotearen presentziaz disfrutatu nahiko nuke. Esan nahi dudan zerbait esatea lortu, edota umorea ekarri txapelketara.

Arantza Plaza arduratuko da txapela emateaz.

Oso pozik nago, Arantzari berari eta berak sinbolizatzen duenari txapelketak esker on hori itzultzea bada aldarrikapen bat; plazer handia izango da oholtzan momentu bat Arantzarekin partekatzea.