GAUR8

Senegalera bidaiatzeko era ezberdin bat, herrixka bateko kulturan barneratuz

Senegal hegoaldean, Casamance eskualde berde ederrean, Diakene Ouoloff herrian kokatutako zentro bat da Casamance. Jarduera turistikoez gain, kulturalak ere eskaintzen ditu (zinea, pintura, hizkuntza ikastaroak...). Bertako ateak ireki dizkigu Mariana Santos proiektuaren sortzaileak.

Mariana Santos eta Beatriz Mogrovejo, Ekol Senegal egitasmoaren sortzaileak. (Oscar OLIVA)

Orain dela hamabost urte hasi zen Senegalgo Casamance proiektuaren historia. Orduan, Mariana Santos donostiarra lehendabiziko aldiz joan zen Senegalera, lagun batekin oporretan. Han ezagutu zuen mutil-laguna eta joan eta etorri ibili zen hiru bat urtez. Gero, ezkondu egin ziren. Euskal Herrira etorri ziren, lau urte egon ziren hemen, eta seme nagusiarekin Senegalera joan ziren bizitzera orain dela hamar urte, semeak urte bat zuela. Zazpi urtez han bizi izan ziren eta duela lau urte senarra hil egin zen gaixotasun batengatik. Hori gertatu zenetik joan eta etorri ibiltzen da familia: bi hilabete egiten dituzte hemen, Donostian, eta bi hilabete Senegalen.

«Bi seme dauzkagu, 10 eta 7 urtekoak, eta senarrak beti esaten zuen hemen ikastea nahi zuela. Hortaz, han eta hemen joaten dira eskolara. Bi bizitza bizitzen ari gara, bi kulturatan», hasi zaigu kontatzen Groseko Mapenda tabernako terrazan elkarrizketa egiteko eseri garenean. Bazkalondoa da eta giroa dago Katalunia plazan. Jende aunitzek agurtu du solasean ari ginela. Senegalera berarekin bidaiatu duten lagunak dira.

ERRITMO EZBERDINAK

Senegalera joateko maleta prestatzen ari da. «Handik hona etortzea errazagoa da; hemendik hara joateko gauzak pixka bat antolatuta utzi behar ditut. Etxea alokatzen saiatzen naiz, hegazkin txartelak ordaintzeko. Lanarekin zorte handia dut. Hemen nagoenean lehengusuaren diseinu estudioan aritzen naiz kudeaketa lanetan. Han nagoenean, hango lana egiten dut, eta baita hemengo gauzak ere. Egia da behin han sartuta denaz ahazten naizela. Erritmoak ezberdinak dira eta zaila da hemengo gauzekin konektatzea. Orduan, goiz esnatzen saiatzen naiz, bi-hiru orduz ordenagailuarekin lan egiten dut eta gero ahaztu egiten naiz», azaldu digu.

Aitortu digunez, hemen tximistaren abiaduran pasatzen zaio bizitza; han, ordea, hagitz mantso doa.

Senegalgo geografia berezia da bertze herri txiki batek zatitzen duelako: Gambiak. Santos eta bere familia Diakene Uoloff herri txikian bizi dira, Senegalen hegoaldean, baita Gambiaren hegoaldean ere. Behe Casamance eskualde berde ederrean dago herria, Guinea Bissautik kilometro gutxira. Kulturalki hagitz lotuta daude biak.

(Cecilia ALVAREZ-HEVIA)

«Elektrizitatea duela bost urte iritsi zen gure herrixkara. Ez dago kasik autorik, dena harea da. Basoaren barruan gaude», deskribatu du. Pasio handiz mintzatzen da herrixkaz eta pasio hori transmititzen du. «Hango balioak benetakoak dira. Hemen baditugula esaten dugu, baina gero ez ditugu praktikara eramaten. Han, bai. Daukaten gutxia partekatzen dute, txikitatik, ezer esan gabe. Ume bat baldin badoa kaletik bere ogitartekoarekin eta beste ume batekin topatzen bada, ogitartekoa erdibanatzen du zuzenean, inork eskatu gabe, eta eman egiten dio. Oroitzen naiz txikia nintzenean norbaitek bokata eskatzen bazidan behatza jartzen niola: ‘Emango dizut, baina honaino’», egin du konparaketa.

«‘Zu ondo baldin bazaude, ni ondo nago’, esaten dute, eta benetan esaten dute. Herrian beti ari gara bata eta bestea agurtzen. Oso garrantzitsua da agurtzeko denbora hartzea: ‘Kaixo, zer moduz zaude? Zure familia ondo? Eta umeak?...’. Pentsatzen dut hemen ere herri txikietan hala izango dela, baina handietan galtzen ari da. Gure bizimodua ere, han gaudenean, halakoa da».

KULTUR ETA TURISMO ZENTROA

Hasieratik sortu zuen Mariana Santosek Casamance proiektua, senarra zenarekin. «Senegalera bizitzera joan ginenean zerbait egin nahi genuen eta kanpamentu bat zabaltzea pentsatu genuen. Hemengo hostal txikiei kanpamentu esaten zaie han. Baina ez nuen ohiko kanpamentu bat egin nahi, inbaditzaile sentitzen bainintzen pixka bat. Hori ere zuriaren pentsamendua da; orain, hamar urte eta gero, bestela pentsatzen dut», agertu du donostiarrak.

«Diseinu estudioko lehengusua oso sortzailea da eta berari galdetu nion zer egin nezakeen. Zentro kultural bat eraikitzea proposatu zidan. Hartara, bidaiariak jasoko genituzke eta, aldi berean, herriari zerbait eskaini. Familiak lur bat zeukan herrian eta bertan eraiki genuen Casamance turismo eta kultur zentroa».

HERRIARI IREKITAKO ETXE BAT

Jarduera turistikoez gain (arrantza egiteko irteerak, bizikletan paseoak, hegaztiak ikusteko txangoak, sukaldaritza tailerrak...), kulturalak ere eskaintzen dituzte bertan (zinea aire librean, pintura tailerrak, erakusketak, hizkuntza ikastaroak...).

«Larunbatero pelikula bat jartzen dugu umeentzat. Liburutegi txiki bat ere egin genuen, baina ez du funtzionatzen, han ez dute irakurtzeko ohiturarik. Jolasak eta margoak jarri ditugu eta umeak etortzen dira. Kultur etxe baten parekoa da; herriarentzat irekia. Ekintza batzuk guk antolatzen ditugu eta besteak herriko jendeak antolatzen ditu gure espazioan. Gure etxea irekia da eta beti dago jendea. Batzuetan zerbait egiteko erabiltzen dute espazioa, eta, besteetan, egoteko, elkartzeko».

«Zoragarria da. Bidaiariak hara doazenean pila bat gustatzen zaie hango jendea bertan egotea. Agian, gauean sutondoan egoten dira tea egiten. Oso erraz sortzen dugu elkarbizitza, eta benetako bizimodua ikus dezakete bidaiariek».

LANPOSTUAK BERTAKOENTZAT

Etxea zabaltzearekin batera, bidaia-pakete gisakoak asmatu zituzten, kulturan barneratzeko. «Gure asmoa beti izaten da hango jendeari lanpostuak eskaintzea. Haiek gidari lana egiten dute eta guk akonpainamendua ematen dugu. Haientzat normalak izan arren, guretzat bitxiak diren kontuak kontatzen ditugu. Adibidez, herria ibaiaren ondoan dago eta ibaian plankton lumineszentea dago. Gauean ura mugitzen duzu eta txinpartak ateratzen dira. Oso ederra da. Beraiek ez zuten horren berri ematen, plankton lumineszentea leku guztietan zegoela uste zutelako», kontatu du irriz.

(Cecilia ALVAREZ-HEVIA)

Casamancek eta Euskal Herriak antzekotasun ugari dituztela azaldu du Santosek. «Senegal osoaren hizkuntza wolofa da, baina Casamancen joola dugu, beste hizkuntza bat, beste kultura bat eta beste sukaldaritza bat. Independentismoa ere badago. Herrian joolez egiten dute denek, heldu guztiek dakite wolofa, baina kolonialismoa oso sartuta dute oraindik eta eskola frantsesez da. Hizkuntza ofiziala frantsesa da, eta, koofiziala, wolofa. Baina gure zonan joola hitz egiten da».

«Oso azkarrak dira eta gure etxean lan egiten duten langileek badakite gaztelaniaz ere, segituan ikasi dute turistekin». Casamance kultur zentroa senarra eta biek sortu zuten eta orain Santosek kudeatzen du talde batekin. Zazpi langile dira.

Ekol Senegal

Orain dela bost bat urte emakume madrildar bat, Beatriz Mogrovejo, hartu zuten Casamance kanpamentuan. Politikan lan egiten zuen eta hori utzi eta Senegalera joan nahi zuen bizitzera. Ederki konpondu ziren eta Ekol Senegal elkartea sortu zuten Santosek eta biek batera. “Ekol” hitzak “hazia” erran nahi du joolez.

Alde batetik, kulturan barneratzeko bidaia-tailerrak egiten dituzte. Adibidez, zeramika ikasteko. Euskal Herriko zeramika irakasle bat bere ikasleekin joaten da Senegalera. Ikasle horiez gain, nahi duen jende guztia joan daiteke beraiekin, erabat bidaia irekiak dira. Astebeteko bidaia-tailerrak izaten dira. Irakaslea hemengoa izaten da, baina hango zeramikagileekin ere elkartzen dira. Emakumeekin lan egiten saiatzen dira.

Hala, hemengo zeramikagileak eta hangoak lotzen dituzte. «Hiru egunez hango zeramikagileekin egiten dugu lan, modu tradizionalean, buztinaren bila joanez... Beraiek erakusten digute nola egiten duten prozesua, eta guk ordaindu egiten diegu. Ez gara gobernuz kanpoko erakunde bat, hori argi utzi nahi dugu; negozio bat da gurea, baina hango jendeak ere irabaz dezan saiatzen gara».

Argazkilaritza tailer bat ere egin zuten Nagore Legarretarekin eta hango argazkilari bati beka eman zioten tailerrean parte hartzeko. Pintura, zinema eta idazketa ere landu dituzte, beti hango jendearen partaidetzarekin.

Hagitz ongi funtzionatzen duen ekimena da. «Erakargarria da: bidaiatu nahi duzu, Senegalera joan nahi duzu, baina bakarrik zaude. Tailer bat ikusten duzu gustatzen zaizun zerbaiten inguruan, eta taldean joaten zara».

(BEGIPUNTUAN)

Tailer batzuk irakasleekin egiten ditugu; beste batzuetan, ordea, Beatriz Mogrovejo eta biak dira tailerra ematen dutenak. Ehun afrikarren inguruan, adibidez. «Gai horretaz ikertzen aritu gara eta gauza asko dakizkigu. Aste oso bat etortzen da jendea gurekin eta guk gidatzen dugu bidaia hori. Gure herriko hamar emakumerekin tinduez ikasten dute eta lan horregatik ordaintzen diegu emakume horiei. Ahalduntzeko modu bat da. Irla batean josten ere aritzen dira beste emakume talde batekin. Arpillerak egiten dituzte, mezuak bidaltzeko josten dute».

Ekol Senegal elkarteak antolatutako bidaiekin lortutako diruaren %10 gorde eta zentro kulturalean ekintzak egiteko erabiltzen dute. Adibidez, herriko emakumeei tinduak egiten irakasteko. Hango irakasle bat bilatu zuten horretarako. Teknika ikasi dute eta orain beraiek dira tailerra ematen dutenak. Erabat zirkularra da proiektua.

EMANAI

Emanai ekimena ere badute Ekol Senegalen barrenean. Euskaraz “eman nahi” erran nahi du, eta joolez “arroza”. «Gure marka sortu dugu. Erabilitako arroz zakuak erosten ditugu bizi berri bat emateko. Garbitu eta kanpotik wax oihala josiz, osagarriak egiten ditugu. Joskintza tailer bat sortu dugu eta bi emakume ari dira guretzat lanean baldintza oso onetan. Hirugarren emakume bat zakuak garbitzeaz arduratzen da».

Osagarri bakoitza X arroz kilorekin lotuta dago. Hau da, zuk osagarria erosten duzu, demagun 15 euroan, eta, horrekin batera, bi arroz kilo ere erosten dituzu, baina ez zuretzat, herriarentzat baizik. «Hilabetero edo bi hilabetero kontuak ateratzen ditugu: zenbat nezeser, poltsa eta diru-zorro saldu ditugun, eta zenbat arroz kilo erosi. Adibidez, 200 arroz kilo. Dendan erosi eta inguruko gida espiritual bati ematen dizkiogu. Berak banatzen ditu nahi duen bezala».

Gida espirituala bake bitartekari bat da. Berarengana joaten dira arazo bat daukatenean, zerbait konpondu nahi dutenean bizilagunekin, zerbait mistikoa dutenean, baita jateko ezer ez daukatenean ere. Normala da jateko ezer ez badaukazu beregana joatea arroza eskatzera, baina ez dira zuzenean joaten. Gauean katilu bat uzten dute arroz biltegiaren ondoan, eta, hurrengo goizean, eguzkia atera baino lehen, beteta jasotzen dute. Hala, inork ez du jakiten.

Emanai proiektuarekin bost bat urte daramate eta bederatzi arroz tona banatu dituzte.

KASSUMAY

Mariana Santosen eta Beatriz Mogrovejoren sormena bizi-bizi dago eta bertze proiektu bat abiatu dute oraintxe: Kassumay lanbide eskola. “Kassumay” erranez agurtzen dute elkar Casamancen. “Bakea” da itzulpen literala. «Egitasmoa sormenarekin lotuta dago. Pinturarekin hasi gara. Hango irakasle bat bilatu dugu irakasteko. Saskigintza ere jorratuko dugu, saski ederrak egiten baitituzte emakume batzuek eta hori mantentzea nahi baitugu».

Emakume bat dute eskolan lanean. Bera da irakaslea eta ikasleak bilatzen dituena, berak kudeatzen du dena.

DENDA

Urtarril honetan denda bat ireki nahi dute beren produktuak saltzeko, baita hango emakumeen artisau lanak ere. «Saski, bordatu eta zeramika zoragarriak egiten dituzte. Beren etxeetan egiten dute eta oso zaila da hara iristea. Guk produktu horiek erosi nahi dizkiegu bidezko prezio batean, eta dendan polit jarri. Gainera, gure herrian tindu tailerra ematen duten emakumeek marmelada eta karite pasta egiten ere ikasi dute eta produktu horiek ere dendan egongo dira». Azkenik, oihal afrikarren erakusketa bat ere jarriko dute. Badaude oihal batzuk erranahi bat dutenak eta hori azalduko dute.

DENENTZAKO BIDAIAK

Denentzako bidaiak dira Casamancekoak. Berriki kantu eta zinema bidaia bana egin dute, azken hori Oskar Tejedorrekin. Kepa Acero surflaria Casamancen izan zen, bertako gazteekin surf egiten. Familientzat bidaiak ere antolatzen dituzte. «Sekulako plana da; denentzat, baina batez ere umeentzat -baieztatu du Santosek-. Haur pila bat daude herrian. Orduan, beti dituzte lagunak jolasteko. Oso libre ibil daitezke. Gure umeak batzuetan etxera datoz bazkaltzera eta besteetan ez. Ez badatoz, badakit nonbait ariko direla bazkaltzen. Gerta daiteke inor ez egotea edo zazpi ume egotea gurekin jaten».

«Plater bakarretik jaten da, haren inguruan eserita. Partekatzen ikasteko era bat da. Berdin du lau baldin bazarete bazkaltzen edo zortzi, daukazuna partekatu behar duzu».

Diakene Uoloff herri txikia Senegal hegoaldean dago, baita Gambiaren hegoaldean ere. Behe Casamancen dago, Guinea Bissautik kilometro gutxira. Ez dago ia autorik, dena harea da. Basoaren barruan dago. (Oscar OLIVA)

Casamance zentrora nahi duenean joan daiteke jendea. «Ekintzak antolatzen saiatzen naiz; guretzat errazagoa da eta bidaiatzen duenarentzat ere baietz uste dut. Neurrira egiten ditugu». Adibidez, hirugarren aldiz joanen den familia batek hala eskatu die: «Gauza pila bat ikusi ditugu, baina oraingoan herrian egon nahi dugu».

Hegaldiak lortzen laguntzen dute, nahiz eta ez dituzten erosten. Ekol Senegaleko bidaien kasuan, Whatsapp talde bat sortzen dute eta hor sartzen dute animatzen den jende guztia. Normalean elkarrekin bidaiatzen dute hegazkinean. Gutxienez sei eta gehienez hamabi lagun hartzen dituzte, aunitz maite dutelako jendearekin kontaktua izatea eta gehiagorekin ezinezkoa litzateke.

«Talde ederrak sortzen dira eta bidaia bukatzen denean elkartzen jarraitzen dute. Oso erraza da dena, benetan. Gure etxea denon etxea da, jendeak hala sentitzen du».

Buru irekia behar da, hori bai. «Programa bat izaten dugu, baina alda dezakegu. Adibidez, ezkontza bat badago, denok bertara goaz. Autoa puskatu bazaigu, motorrez goaz. Pila bat inprobisatzen dugu».

AURREIRITZIAK

Oraindik aurreiritzi aunitz ditugu «Autobuseko markesinetako iragarkietan ume beltzak ikusten ditugu mukia dariela. Hori da daukagun informazioa. Okendo liburutegian argazki erakusketa dagoenean beti agertzen da jendea ospitalean. Beatrizek eta biok argazki aurkezpen bat egin nahi dugu, baina argazki eder eta alaiekin. Bestela, zer irudi daukagu Afrikaz? Pobrezia, gaixotasunak, gerrak... Senegalera joateko ez da txertorik behar. Oso herrialde egonkorra da».

Pila bat gertatzen zaie han daudela norbaitek aipatzea: «Zein ondo gauden hemen, ez dago eltxorik!».

Santos ere aurreiritziekin joan zen eta aunitz aldatu zaio mentalitatea. «Oraindik xuhurra naiz, baina askoz gehiago partekatzen dut. Hala ere, oso urrun nago han partekatzen dutenetik. Han dirua emateko ohitura daukate, berdin du kantitatea. Istripu bat edukitzen baduzu diru pixka bat ematen dizute, berdin norbait hil edo jaiotzen bada».

«Gure inguruan islama beste hainbat erlijiorekin batera bizi da. Antzina denak animistak ziren. Gero erlijioak sartu ziren, baina oinarrian animistak dira denak. Herri batzuk kristauak dira, besteak musulmanak, eta ondo konpontzen dira. Ospakizunak ere partekatzen dituzte. Adibidez, Gabonetan haragia jaten dute».

Aurreiritziak puskatzeko aukera ederra ere bada, beraz, bidaia hauek egitea. Webgunean (ekolsenegal.org) dago informazioa eta kontaktua.