23 JAN. 2026 - 13:28h Mikrobiota eta osasun mentala hizpide Zarautzen, Ignacio Lopez Goñi adituaren eskutik Mikrobiotak buruko osasunarekin duen harremanean sakonduko dute asteartean Zarautzen, Ignacio Lopez Goñi Mikrobiologiako katedradunak emango duen hitzaldian. Gaiak duen gaurkotasuna eta gonbidatuaren alde dibulgatzailea azpimarratu dituzte. Ignacio Lopez Goñi, Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologiako katedraduna. (ZARAUTZON ELKARTEA) GAUR8 Mikrobiotaren inguruko hitzaldi batekin abiatuko du ZarautzOn elkarteak 2026ko programazioa. Solasaldia asteartean izango da, urtarrilaren 27an, Modelo Aretoan, 19.00etan, eta gaiari heltzeko Ignacio Lopez Goñi Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologiako katedraduna gonbidatu dute. Gaiari testuingurua emateko, elkarteak azaldu du ohar batean «mikrobiotaren zientziak abiadura bizian» egiten duela aurrera. Errealitate horren erakusle den Lopez Goñiren azken liburua ekarri dute gogora,‘Mikrobiota eta osasun mentala’, eta bertan Lopez Goñik berak adierazitakoa, «albiste kopuruagatik ‘urrezko aroan’ gaudela eman dezakeen arren, egia esan ‘harri aroan’ jarraitzen dugu ziurtasun klinikoei dagokienez».«Zientziak frogatu du gure hesteetan bizi diren bakterioek, mikrobiota deiturikoa, ez dutela digestioan bakarrik laguntzen; gure garunarekin lotura zuzena dutela». Harreman konplexu horretaz hitz egingo du Lopez Goñik, «mikrobiotak gure eguneroko aldartean nola eragiten duen eta depresioa edo alzheimerra bezalako gaixotasunetan zer paper jokatzen duen aztertuz». Nola zainduZarautzOnetik zehaztu dute, gainera, adituak azalduko duela «modu erraz eta atseginean» osasun mentala hobetzeko nola zaindu edo aldatu ditzakegun mikrobiota osatzen duten mikroorganismo horiek.«Etorkizuna zehaztasunezko medikuntzarako bidean doa: norberaren mikrobiota berezia analizatzea, nutrizio-gomendioak edo tratamendu espezifikoak emateko», nabarmendu du Zarauzko elkarteak. Erantsi duenez, «hesteek garunaren orekarako beharrezkoak diren substantziak sortzen dituzte. Beraz, elikadura zaintzea ez da gestio kontua soilik, osasun mentala ere bada».Gaian aditua izateaz gain, Ignacio Lopez Goñiren alderdi dibulgatzailea azpimarratu du elkarteak. Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoko Zuzendaria da, baita «sare sozialen bidez zientzia letra larriz hedatzen aitzindaria» eta «gaur egun ezinbestekoa dugun blogaren egilea».Gogoratu dutenez, dibulgazio liburu arrakastatsuen egilea da Lopez Goñi, besteak beste ‘¿Funcionan las vacunas?’ (2018), Prismas Saria jaso duena, edota ‘Princesas de cristal’ (2019), bere alabarekin batera gazteen anorexia nahasmenduari buruz idatzitako liburua. Gainera, sari ugari izan ditu zientzia gizarteari hurbiltzeko egindako lanagatik.