24 JAN. 2026 - 00:00h Arrisku bat Ekhiñe Zapiain Arlegi Bertsolaria Gure zaldiak belarriak mugitzen ditu arriskua sumatu orduko. Tente eta gogor jartzen ditu, lehenbizi aitzinerantz, mehatxua nondik datorren aditu nahiko balu bezala. Bizkor eragiten die belarriei, bakoitza alde batera biratuz, ondotik gibelerantz begira jartzeko. Atzerantz bi belarriak, zabal-zabalik. Txakurrekin ere, erne ibili gorputza zurrun-zurrun jartzen bazaie. Ileak puntan eta buztana zut. Katua konkortu egiten da, sagarroiak arantzak kanporantz itzultzen ditu, eta mofetak kiratsa isurtzen du. Arriskua aditu, ikusi eta usaindu egin daiteke, antza. Batzuetan zaila da gure begietatik animalien gorputzak irakurtzea. Nik maiz ez dut jakiten zer erran nahi didaten. Zerbait ez doa ongi. Mehatxu bat zara. Lagundu. Erasoko dizut. Baina arriskua hor dagoela antzematen dute, eta zerbait egin nahi dute horren aitzinean. Ez dakit ea gizakiok bagaren gai haien moduan arriskuak aditzeko, ikusteko eta usaintzeko. Kontuz ibiltzeko erraten ziguten ikastolan. Kontuz jostatzeko minik hartu ez genezan; kontuz jaisteko eskailerak zarata handirik egin gabe; kontuz ibiltzeko erraten genuenarekin, azterketako galderan ipintzen genuen erantzunarekin, bertze ikaskideekin. Nerabezaroan ikasi nuen kontuz ibili behar zela sare sozialetan, parrandetan, kaleetan bakarrik ibiltzean arratsez; kontuz harremanetan, kontuz ispilura begiratzean, kontuz zer ikasi aukeratzean. Geroztik hamaika aldiz aditu behar izan dut kontuz ibiltzeko, eta nik ere erran izan diot inori sekula. Kontuz, kontuz eta kontuz. Eta egiari zor, batzuetan benetan larritzen naiz. Bakeari biderik egiten ez dioten agintariak ditu munduak; inbasioek, feminizidioak, etxegabetzeek, faxismoak, euskararen aurkako oldarraldiek, ingurugiroari egindako sarraskiek, polizia gehiegikeriek... ez dute etenik. Eta arriskuak ikusten ditut bazter guztietan. Soziologo alemaniar batek zioen arriskuaren gizartea dela gurea. Arriskuak naturalak izatetik gizakiok sortuak izatera igaro direla aurrerapenaren izenean, eta are zailagoa dela horrela horien prebentzioa segurtatzea. Mendebaldeko gizakiok sortutako arriskuak dira. Arrisku berriak, ezberdinak, lehendik zeudenei gehitzen zaizkienak. Arrisku zaharretan, «gertatu behar zelako gertatu da» bat zegoen atzean. Ezin zitekeen aurreikusi, ez zegoen saihesterik. Hortaz, arrisku berriak omen dira gehien kezkatu behar gaituztenak, guk sortuak izan arren eskuetatik joaten baitzaizkigu sarri. Ez dakit arriskuaren gizartean gauden, edo gizartearen arriskuan. Kaltegarria den zerbait gertatzeko probabilitatea hagitz handia da egun (batzuentzat bertzeentzat baino gehiago), eta kaltegarria den horrek izugarrizko kaltea eragiten du gainera. Hor daude arriskuak. Kontuz, kontuz, kontuz. Ume gehienen modura nik ere eduki nuen nire hipokondria garaitxoa. Beldurrak eta mamuak agertzen zitzaizkidan etengabe. Eta ez ziren preseski erraz lasaitzen ziren horietakoak, gainera. Ikastolatik buruko min “arraro” bat nuela eta etxera joan nahi nuela errateko deitu zuten etxera behin. Bertze behin izeba etorri zitzaidan bila, eta bidean negarrez nindoala erran zidan ezin dela arriskuei beha bizi. Edozeini erori dakiokeela balkoi batetik loreontzi bat kalean paseatzen duen bitartean. Eta buruan jota bertan ziplo erori. Oraindik ere nire ume beldurtia berpizten den aldiro esaldi hura ekartzen dut burura eta arriskatzen naiz balkoi azpietatik pasatzera tarteka. Arriskuak beti daude hor, eta hartzea ere komeni da batzuetan. •