24 JAN. 2026 - 00:00h Japoniako kaleak Japoniako kaleetan, eraikin bakoitza mikro-hiri bat da. (Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA) Ula Iruretagoiena Busturia Arkitektoa Japonia bisitatzeko aukera izan baduzu, edo japoniar zinema ikusteko aukera izan baduzu, baliteke bertako hiriek duten itxura desberdinak begira jo izana. Kaleak estuak dira eta desorden handia dute gure kaleekin konparatuz gero. Hiriko zutabe kableatua eta elektrizitate instalazioa bistan egotea antzinako hegoaldeko kaleetan gertatzen zen, baina gaur egun edozein kale berrikuntzan eskatzen den gauzetako bat da begien bistatik kentzea eta lurperatzea. Kableatua bistara jartzeko arrazoiaren erantzuna, hiriaren plangintzan topatuko dugu. Japoniako hirien ehundura partzela txikiz osatua dago eta eraikinek orube estuetan altuera hartzen dute. Zatikatzeari gaineratu behar zaio partzelen arteko kale ehundura ere oso estua dela, 7 metrokoa askotan. Horregatik, japoniarrak ohituta daude kaleak elkarbizitzako kale izatera. Trafiko txikiko kaleak izanik, autoak astiro igarotzen dira eta oinezkoek alboetara jotzen dute auto bat datorrenean. Partzelazio zatikatu horrek erantzuten dio Japonian eraikinak eraisteko duten ohitura handiari. 25 urte igarotzean eraikina bota eta berria egiten dute, eta, lan horretan, kableatua bistan izateak instalazioa erraz egiten laguntzen du. Ze Japoniako kaleetako beste ezaugarri deigarri bat eraikin-tipologia oparoa da. Eraikin bakar eta berdin bateko solairuetan, ohikoa da elkarrekin nahasirik topatzea etxeak, bulegoak, ile apaindegia, taberna txiki bat, ogia egiteko industria txiki bat. Eraikin bakoitza mikro-hiri bat da. Kalea osatzen duten eraikinen erabilera ez da beheko oinaren eta goiko solairuen artean banatzen. Eta atzetik dagoen arrazoia, partzelazioaz gain, arautegia da. Japoniako hiriak antolatzeko erabiltzen den arautegiak posible egiten du etxebizitza erabilera nagusiko eraikinetan etxebizitzarekin bateragarriak diren erabilerak nahastea; aktibitate ekonomiko bat txertatzeko gutxieneko azalera txikia da, etxebizitza eraikinetako solairuak okupatu ahal izateko aukera eskainiz. Araudia egiteko modu horrek, erabilera-nahasia bultzatzeko filosofiaz aparte, zona baten erabilera beharrak egunerokoak zehaztu behar duela du oinarri. Arautegiaren malgutasunarekin administrazioaren kontrol-eremua arintzen da, errealitateak ekartzen dituen berritasunek eta aurreikusi gabeko egoerek lekua izan dezaten. Hiri-plangintzan kontrola gutxitzeko, konfiantza eman behar zaie herritarrei eta herritarren eskutik antolaketa eta kudeaketa propio bat sortu daitekeela sinetsi. Araudi malgu batek herritarren arteko gatazka eta kexa gehiago ekartzea posible da, baina baita gatazkak eta kexak herritarrek eurek kudeatzeko eta ebazteko aukera ere. Esan liteke, arautegi-malgu batek herritar eta administrazio helduak eskatzen dituela. Japoniako kaleek bizitasun handia dute aipatutako arrazoien ondorioz. Ez dago kale mota bakar bat definitzeko modurik. Ederra da oso kale-ehundura oparoan eta askotariko eraikinen segidan galtzea. Eta zenbat deskubrimendu lokalen eta espazioen txikitasunetan, eraikinaren eta kalearen gertutasun domestikoan! Bizitzaren mugimendua jasotzen duten testuinguruak dira.