GAUR8

Anarru Egune Bakioko ihauteri zaharrari buruzko dokumentala estreinatuko dute otsailaren 6an

Anarru Egune Bakioko antzinako inauteriari buruzko dokumentala estreinatuko dute herrian otsailaren 6an. Herritar talde batek tradizioa ikertzeko egindako lanaren aitortza da ikus-entzunezkoa, eta hainbat adituren ahotsak biltzen ditu.


Bakiotar talde batek herrian galduta zegoen ihauteria berreskuratzea lortu du, ikerketa prozesu baten ondoren. Prozesu horri esker itzuli zen Bakioko kaleetara Anarru Egune izeneko ihauteri-jaia eta egindako lan hori kontatzen eta aitortzen du otsailaren 6an aurkeztuko duten dokumentalak. 

«Ikerketa horretatik abiatuz, duela mende bat galduriko ihauteria berreskuratu zuten, Anarru Eguna izendaturikoa», azaldu du Udal Gobernuak ohar batean. Udalak eta Itxas-alde dantza taldeak sustatuta, dokumentala herriko probalekuan estreinatuko da otsailaren 6an, 19.00etan. Aurkezpenean egoteko doako txartelak eskuratu behar dira Kultur Etxean.

 

Anarru Egune, pasa den urtean Bakion. (BAKIOKO UDALA)

 

Dokumentalak bildutako testigantza sorta nabarmendu dute. Ahots horien artean, besteak beste, antzinako inauteriak oraindik gogoratzen dituzten herriko jende nagusiarenak daude, eta Thierry Truffaut eta Aizpea Leizaola antropologoarenak, baita pasa den mendeko 90eko hamarkadaren hasieran Lezoko inauteriak berreskuratzeaz arduratu zen Joseba Aurkenerena historialariarenak eta Oier Araolaza dantzari eta kazetari gipuzkoarrarenak.

Zuberoa Andresek zuzendu du dokumentala, eta Maule Productionsek ekoitzi du Lakuako Gobernuaren laguntza izan duen egitasmoa.

 

Anarru Egune. (BAKIOKO UDALA)



‘Anarru’ hitza  

Udaletik azpimarratu dute, bestalde, lanak ez duela bakarrik ospakizuna berreskuratu, «herriko hizkuntzaren parte den ‘anarru’ berba ere ekarri dute agur egunera». Erantsi duenez, horri esker Labayru Fundazioak jasotzen du dagoeneko eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ere agertzen da. Zehaztu dutenez, hitzaren jatorriari buruzko gogoeta ere egiten dute adituek dokumentalean.

Udal informazioaren arabera, «anarrua mozorrotzen den pertsona da, eta baita mozorroa bera ere. Mozorrotzeko ekintzari ‘anarrutu’ esaten zaio eta gaztelaniaz Martes de Carnaval bezala ezagutzen dugun egunari, ‘Anarru Egune’ izena ematen dio».

Otsailaren 21ean ospatuko dute Anarru Egune. Baserririk baserri egindako ibilbidearekin abiatzen dira ekitaldiak goizean. Arrastian, 17.00etan abiatuko da kalejira, frontoi aldean hasita eta moila puntaraino joango dena. Tartean antzezpenak eta dantzak eskainiko dituztela aurreratu dute. Amaieran, elektrotxaranga batek girotuko du herria.