31 JAN. 2026 - 00:00h Hemen eta orain Lur Albizu Etxetxipia Abertzalea eta feminista Ez dira makalak aurrean ditugun erronkak. Dena hain azkar, hain espero gabe, hain ziztuan mugitzen eta aldatzen den garai hauetan, zaila da ezein aurreikuspen politiko eta sozial egitea. Joerei erreparatu eta aurrera begirako intuizioa edukitzea ezinbestekoa da eta izanen da, are gehiago, heldu diren hamarkadetan. Hori ere, aurreikuspenak egiten asmatzea bera ere, bereizgarria izanen da edozein mugimendu politiko eta sozialentzat. Baita taupada sozialarekin bat egin eta bulkada berriak eragitea ere: XXI. mendean politika linealean sinestea ez da aukera bat, eta gaur analisi egokia izan daitekeenak ezinbestean jaso beharko du bihar ekarpen eta berritasunik. Hori izanen da, akaso, garai hauetako zailena: edozein azterketa konplexua dela onartzea, ertz berriak izan ditzakeela jakitea eta, bide horretan, zalantzari tartea ematea. Erantzun argiak aspaldi dira erabilgarritasun gutxiagokoak, nire ustetan. Beraz, galderari eutsi beharko diogu etengabe: zer egin, bitartean, hemen eta orain? Munduaren luze-zabalean hedatzen ari diren joerez ez gaude salbu Euskal Herrian. Baina baditugu bereizgarriak ere, baditugu bestelako aukera eta baldintza batzuk ere, eta oso presente izan beharko genituzke: herri honetan badugu gaitasun nahikoa borroka zenbaitetan aurrerapausoak eman eta bestelako eredu bat posible dela baieztatu ahal izateko, eta ildo horretan arraun egiteko. Proposamenak, mobilizazioa, aldarriak eta baldintza berriak sortzea ez da erraza, baina posible da eta egin daiteke. Martxoaren 17rako deitu dute greba orokorra ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Pobretze prozesu orokortu batean bizi garela ukaezina da: etxebizitza duina edukitzea bera luxu da gero eta sektore zabalagoentzat; oinarrizko elikagaien eta, oro har, eguneroko gastuen prezioen igoera agerikoa da; ekonomian soldatek duten pisua jaitsi egin da. Gizartean dauden desberdinkeriak eta arrakala gero eta handiagoak dira. Eta, ez dezagun ahaztu: pobretze prozesuak berak subjektu zaurgarrienak are eta egoera zaurgarriagoan kokatzen ditu. Kapitalismoa sexista eta arrazista da, eta pobretze prozesuak bereziki eragiten die pertsona arrazializatu eta emakume eta disidentziei. Hori guztia gutxi balitz, badira hurrengo urteetan presaz egin beharrekoak, gizakiontzako planeta bizigarria nahi badugu behintzat, trantsizio ekologikoak behar dituen tamainakoak. Greba orokorrerako hamaika arrazoi jar genitzake mahai gainean, eta beste hamaika dira sindikatuek aldarrikatzen dituztenak, bestelako eredu baten mesedetan betiere. Izan ere, soldata minimoaren aldarrikapena, adibidez, ez da lelo hutsa: Euskal Herrian bertan bizi eta lan egiteko burujabetza mailan gora egitea exijitzen du eta horrek berak gure erabakitzeko ahalmena, orain ez daukaguna, agerian uzten du. Aberastasunaren banaketa justuagoa, arrakala matxista eta arrazisten murriztea eta gutxieneko soldaten emendatzeak ezin du itxoin, beste eredu baten alde lanean jarraitzeko ardura ematen digu guztioi. Pasa den astean, Sortu-Nazio askapen mugimenduaren kongresuko amaiera ekitaldian, hala esan zuen Xabi Iraola Larraia koordinatzaile orokorrak: «Guk gure herria herritarrekin eraiki nahi dugu. Euskal Herriarekiko maitasunak mugitzen gaitu, gure herria askatasunera eramateko ametsak taupatzen digu bihotza. Eta lagunok, garaiotan, norbere zilborra baino handiagoa eta garrantzitsuagoa den zerbaiti lotzea, bizitza osorako proiektu kolektibo askatzailera lotzea iraultzailea da». Segi dezagun arraunean eraikitzeko dugun herri honen alde, beraz, brillua begietan. •