18 FéV. 2026 - 13:39h Elhuyar Hiztegiak 30 urte bete ditu, 75 milioi kontsulten langa gaindituta Aurten hiru hamarkada dira Elhuyar Hiztegia paperean sortu zenetik, eta erabilera digitala askoz handiagoa bada ere, efemeride horren harira tresnak gordetzen duen erreferentzialtasuna nabarmendu dute kontsulta kopurua azpimarratuz: 75 milioitik gora, iaz. 30 urte dira Elhuyar Hiztegia paperean sortu zenetik. (Elhuyar) GAUR8 Elhuyar Hiztegiaren paperezko bertsioak 30 urte bete ditu, eta «erreferentziazko» lanabesa izaten jarraitzen duela azpimarratu du Elhuyarrek, datu bat nabarmenduz: 75 milioi kontsulta baino gehiago izan zituen pasa den urtean. Lehen hiztegi hura 1996an sortu zen eta elebiduna zen, euskara-gaztelania hiztegia zen. Urteotan hiztegiko hitzak, adierak eta adibideak egokitu diren bezala, horiek kontsultatzeko modua ere guztiz aldatu da, ohikoagoa baita tresna digitalaren erabilera. Paperean baino kontsultak mugikorrean, tabletan eta ordenagailuan egitera pasatu gara, «mugikorreko aplikazioa 100.000 aldiz baino gehiago deskargatu da, eta webguneak astean 150.000 bisita ditu, batez beste». Elhuyarren arabera, erabilera datu hauek argi erakusten dute proiektua «garrantzitsua eta erreferentziazkoa» dela. Gogoratu du, gainera, Elhuyar Hiztegiaren atzean aditu talde batek egiten duela lan, «eta hitzak, adibideak eta oharrak ondo aztertu ondoren txertatzen dira hiztegian». Ataria (hiztegiak.elhuyar.eus), halaber, hiztegi bat baino gehiago dela azpimarratu dute Elhuyarretik, euskararen erabileraren inguruko gomendioak (#ElhuyarrenGomendioak), idazten laguntzeko tresnak (Idazlagun) eta euskara errepasatzeko eta hobetzeko jolasak (#HitzJolasa) eskaintzen baititu. Etengabe eguneratuta Nabarmendu dute, halaber, «proiektu bizia» dela, hiztegia etengabe eguneratzen baita. Horrela, 2025ean, 2.800 sarrera inguru eguneratu ziren hiru hiztegi elebidunetan (euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa). Horietatik, 2.000 inguru sarrera berriak izan ziren, eta beste 800 sarreratan moldaketak egin ziren, hainbat arlotan. Eguneraketak egiteko, Elhuyar Hiztegiak hainbat iturri erabiltzen ditu; besteak beste, kontuan hartzen dira Euskaltzaindiaren Hiztegian egindako eguneraketak, erabiltzaileen iruzkinak eta proposamenak, eta hedabideetan zein bestelako argitalpenetan agertzen diren hitz eta erabilera berriak (azken horiek Elhuyarrek garatutako hizkuntza teknologien bidez identifikatzen dira). Azkenik, Elhuyar Hiztegian hizkuntza berdinzalea sustatzea helburu hartuta, 2025eko eguneraketetan bereziki landu zen genero ikuspegia, hiztegian desberdinkeriarik eta bereizkeriarik gabeko tratamendua bermatzeko.